Txakur giroa izan dute gaur arratsaldean Antzuolako Uzarraga Igoeran lehiatzeko gertu azaldu diren 194 txirrindulariek. 15:30ean euria zen, eta gogo gutxirekin abiatuko zen bat baino gehiago, seguru. Lehenengo 40 kilometroetan Osintxuraino eta Elorregiraino joango dira, baina Deskarga igotzen hasi orduko gaurko irabazlea protagonista izaten hasi da, ihesaldi onean sartuta, eta zorionez lasterketa amaieran ez ditu indar guztiak xahutu.
Deskargan lehenengoa pasa da Bilbao
Deskarga gainean lehenengoa zen Eñaut Bilbao, baina Urretxurantz jaisten harrapatu egin dute eta Udanara arteko tartea talde txiki batean egin du. Oñatirako jaitsiera azkarra egin dutela aitortu du Bilbaok helmugan, eta baita Uzarragako hasieran indarrak gorde egin behar zirela: "Banekien igoera ezin nuela topera hasi, lasterketa amaieran izanda azken bi kilometro horiek luzeak egiten direlako, eta asmatu egin dut". Hala, Uzarragako igoera erdian aurretik zituen Mikel Sanz eta Aratz Unanue, baina azken kilometroa horiek baino azkarrago egin du, harrapatu egin ditu eta helmugan pare bat segundo atera dizkio atzetik etorri den Aimar Fernandez de Gorostizari eta bost segundo Mikel Sanzi. Mendiko saria ere Bilbaorendako izan da, eta taldekako saria, berriz, Cafes Dromedario taldeko mutilendako.
Debagoiendarren artean, berriz, Ulma Aloña Mendiko Mario Elizburu izan da azkarrena, 20.a helmugan. Hemen sailkapena.