Amateur mailara salto egiteko gogoz dauden ziklistendako erakusleiho ederra izango da, beste behin, Uzarragako Igoera. Lasterketa 15:15ean hasiko dute, Antzuolako plazan, eta lehenengo 40 kilometroak egiteko Osintxuraino eta Elorregiraino joango dira; jarraian, Deskargako maldak igoko dituzte –16:20an– eta Udanatik bueltan etorriko dira Antzuolarantz. Hala, 73. kilometroan, herriko sarrerara iristeaz batera, Uzarragako maldei ekingo diete, eta kilometro eta erdiko igoera erabakigarria izango dute orduan –txirrindulariak 17:25 inguruan iritsiko dira helmugara–. Lasterketan Debagoieneko zenbait ziklista izango dira; besteak beste, Aloña Mendiko Ulmako ordezkariak, baita Elgoibarko Besa Laboral Kutxa taldean diharduten Lokatzako ziklista bergararrak ere.