Desfibriladorea nola erabili ikasteko saioak izango dira

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko mar. 20a, 11:04

Antiguan herritar guztien eskura dagoen desfibriladorea.

Bihotz-biriketako bizkortzea nola egin ikasteko eta desfibriladorearen beharra izanez gero, larrialdi horren aurrean nola jokatu jakiteko, hiru ikastaro antolatu ditu Udalak apirilerako; udaletxean dagoeneko eman daiteke izena, hilaren 27ra bitartean.

Geroz eta ohikoagoa da desfibriladoreak kalean ikustea, geroz eta gehiago baitira 24 orduz herritarren eskura jartzen direnak. Horiek erabiltzen jakiteko eta bihotz-biriketako bizkortzea nola egin ikasteko, ikastaroa antolatu du Udalak. Hiru egun daude aukeran: apirilaren 2a, 7a eta 9a. Olarango beheko aretoan izango dira, 17:00etatik 20:00etara, eta edozein herritarrek eman dezake izena, udaletxean, hilaren 27a baino lehen.

"Oinarrizko formakuntza"

Ermuko BEXEN Cardio enpresako Iban Calleja formatzaileak emango ditu saioak, eta haren lankide Argi Osak adierazi du "edozein herritarri" zuzendutako "oinarrizko formakuntzak" izango direla: "Gaur egun, kalean edozein herritarren eskura, 24 orduz, ditugu eskuragarri desfibriladoreak. Horiek osasun arloko langileek bakarrik ez, edozein herritarrek erabiltzeko modukoak dira. Herritar arruntek erabil ditzakete, erabilera erraz eta intuitiboa dutelako, eta bizitza bat salba daiteke; beraz, oso garrantzitsuak dira".

Osak gaineratu du desfibriladorea erabiltzeko ez dela beharrezkoa formakuntzarik jasotzea, baina gomendagarria dela: "Emergentziazko egoeraren bat bada, normala da nerbioak eta beldurra sentitzea, eta oinarrizko ezagutza jasota izateak asko lagundu dezake; izan ere, bihotz geldialdia gertatzen bada, denbora da faktorerik garrantzitsuena eta, ahalik eta azkarren jardutea komeni da". Eta datu batzuk eman ditu; adibidez, bihotz geldialdi bat gertatzen bada, komeni da biktima sei minutu pasa baino lehen artatzea: "Seigarren minutuan pertsonaren biziraupen-tasa %22 inguruan egongo litzateke, eta hamargarren minutuan biktimaren biziraupen-tasa oso baxua da. Beraz, azkar erreakzionatuta, bizitza bat salbatu dezakegu".

Beti 112ra deitu behar da

Larrialdiren bat gertatzen bada lehenik eta behin 112ra deitu behar dela ere gogorarazi du Osak: "Biktimak bihotz-biriketako geldialdia badu, 112ra dei- tu behar da lehenengo. Gainera, Eusko Jaurlaritzako erregistroan daude denen eskura dauden desfibriladoreen kokalekuak. Beraz, larrialdi egoera batean desfibriladorea beharrezkoa bada, 112ra deituta, telefonoz esaten dizute non dagoen gertuen horrelako bat. Lehen, udaletxetan eta eraikin barrutan egoten ziren kokatuta, baina azkenaldian kalean, denen eskura daude, 24 orduz erabiltzeko moduan".

Desfibriladoreak, hainbat gunetan

Udalak jarritako lau desfibriladore daude gaur egun Antzuolan, herritarren eskura, 24 orduz. Horiek hainbat gunetan daude: bat, Eztala futbol zelaian dago bat; beste bat, gimnasio kanpoaldean, Eguzki auzoan, behean; beste bat, udaletxeko arkupeetan, baserrietako buzoiak dauden lokalean; eta beste bat, Antiguako autobus geltokiko markesinan.

Horiez gain, geroz eta enpresa gehiago dira desfibriladoreak euren instalazioetan jartzen dituztenak, bai euren langileendako, baita inguruan dagoen edozein herritarrek larrialdi bat izango balu ere, erabiltzeko. Elay eta Matz-Erreka enpresetan jarrita dituzte halakoak, esaterako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak