Antzuolako Alardearen ezagutza "sustatzea" da Antzuolako Alardearen Elkartearen asmoetako bat, "askotariko dibulgazio euskarriak erabiliz", eta komiki baten aldeko hautua egin du oraingoan: "Alardea nondik datorren, zer den eta nola ospatzen den adierazi nahian, aspalditik ari ginen elkartekideok herritar guztiendako erakargarria izan zitekeen euskarri baten bila. Eta nahi horretatik sortu zen, hain zuzen, komiki baten bidez hori guztia azaltzeko proiektuaren egitasmoa". Bada, lan hori aurkeztuko dute eguenean, hilaren 20an, Olaranen, Antzuolako Alardea izenpean, 18:30ean.
Komikia, ordea, ez da egun batetik bestera idatzi, duela hiru urte egin baitzituzten horretarako lehendabiziko urratsak. Elkartearekin elkarlanean, Xabier Sagasta Lacalle ilustratzaile arrasatearrak ondu du, eta "Antzuolako Alardearen historiaren, mitoaren, tradizioaren, folklorearen eta herritartasunaren arteko batuketa adierazi nahian, irudiak eta hitzak berdin konbinatu" ditu, elkartearen hitzetan.