Martxoaren 16an, domekan, emango diote hasiera San Isidro Txapelketaren laugarren edizioari, eta Hego Euskal Herriko 64 pilotarik hartuko dute parte: hamasei bikotek eman dute izena benjamin eta alebin mailan, eta beste hainbestek infantil eta kadeteetan. Tartean, bost pilotari antzuolar arituko dira: benjamin eta alebinen mailan, Paule Alberdi eta Izaro Irizar; eta infantil-kadeteetan, Nagore Sanchez, Garazi Aranburu eta Elene Uribesalgo.
Faseei dagokienez, final laurdenetako ligaxka jokatuko da lehendabizi, hiru egunetan: domekan ez ezik, hilaren 23an eta 30ean, 10:00etan hasita; final erdiei dagokienez, maiatzaren 11n jokatuko dira; eta azkenik, finala, maiatzaren 17an izango da, San Isidro eguneko ospakizunarekin batera. Guztira, 54 partidu izango dira.
Atzeko Txapelketa
Maiatzaren 9an eta 10ean jokatuko da pilotalekuan Atzeko Txapelketa, eta martxoaren 30era arte eman daiteke izena: labur.eus/olaldetorneoa. Edozein adinetako herritarrek eman dezakete izena, eta 15 euroko prezioa du, kamiseta barne.