Udalak antolatuta, Kalakan musika taldearen kontzertua izango da martxoaren 23an, domeka, Torresoroan, 18:00etan, eta sarrerak salgai daude Entradium plataforman: ohikoak 15 euroko prezioa du eta gazteenak eta ikasleenak, berriz, 10ekoa.
2009an sortu zuten taldea, Nafarroa Beherean, eta Jamixel Bereau eta Xan Errotabehera musikariek osatzen dute. Kantu herrikoien moldaketa minimalistak egiten dituzte, perkusioarekin, eta Ahotsez da kaleratu duten azkeneko diskoa. "Eszenaratze soil batean, Kalakanek entzuleak eta musikariak biltzen ditu, musikak ematen dituen sentsazioen inguruan", adierazi dute musikariek, "iraganaz harro eta errespetuz beteak, etorkizunari osoki zuzenduak" daudela erantsita: "Milaka urteko kulturaren modernitatea orainean idaztea helburu".