Antiguako ermitak "konponketa sakon bat" behar duela ohartarazi du Antiguako ermitako obra batzordeak, eta bi zeregin zehaztu dituztela: "Lehenik, kanpoko aldeari ekingo diogu, erreteilari. Ez dago egoera oso onean teilatua, geroz eta nabarmenagoak dira itoginak, eta teilatuaren zurezko egituran egoera kaxkarrean daude egur ugari, lehen baino lehen aldatu behar direnak. Ostean, barrua pintatzeari ekingo diogu".
73.286 euroko aurrekontua zehaztu dute lan horiek egiteko –64.378 eurokoa da erreteilarena, eta 8.908koa pintaketarena–, baina herritarren laguntza behar dute: "Obrak sortuko dituen gastuak ordaintzeko nahi beste diru ez daukagu, eta zuen beharra dugu zuloak estaltzeko. Beraz, ahal den neurrian, diru ekarpena eskertuko genuke".
Horretarako, ES68 2095 5070 7110 6516 7016 (Kutxabank) edo ES15 3035 0040 19 0400005236 (Laboral Kutxa) kontu korronteak jarri dituzte herritarren eskura, eta erantsi dute, "nahi izanez gero", ondare artistikoari zuzendutako ekarpenek %30eko desgrabazioa dutela errenta aitorpenean, "Eliza eta Foru Aldundiaren arteko hitzarmen bati esker".
Atzean, herritarrak
Herritar talde bat orain dela hiruzpalau hilabete hasi zen elkartzen Antiguako ermitaren egoeraz jabetuta; ordutik, egin beharreko lanen diagnostiko bat egin dute, eta aurrekontuak eskatzeaz gain dirulaguntzak bilatzeko bideak landu dituzte. "Sentsibilitate ezberdinetako herritarrok osatzen dugu obra batzordea, baina interes komuna dugu: egoera fisiko larrian dagoen herriko ondare kulturala den Antiguako ermitaren etorkizuna ziurtatzea".