Handik hona

Zishan Ghulam: "18 urte arte ez nuen erdera ikasi; euskaraz aritzen nintzen"

Jone Arruabarrena 2025ko mar. 3a, 08:00

Pakistango nekazal eremuan jaio zen Zishan Ghulam (1993, Lahore, Pakistan), eta umea zela etorri zen Antzuolara. Antzuolan, euskara hutsean bizi izan da 18 urte bete eta gaztelera ikasi zuen arte, eta Antzuolako alardean mairuaren pertsonaia egiten du duela urte batzuetatik.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa Pakistanen?

Nekazaritza eremuan bizi nintzen, nire familiakoak nekazariak zirelako. Han beti nekazaritza ezagutu dut; hemengo baserrietan moduan bizitzen ginen. Ni amonaren etxean hazi nintzen; ama irakaslea zen, eta beste herri batean zegoen, eta nire anai arrebetako batzuk Lahore hirian, izeba baten etxean, bertan ikasten zutelako. Zortzi anai arreba gara; bat hemen jaiotakoa eta besteak Pakistanen. Aita, berriz, Espainiara joan zen ni txikia nintzela.

Zer gustuko duzu gehien zure herrialdetik?

Hango kultura eta bizitza estiloa gustoko dut, baita familiarekin egotea ere. Batez ere, bertako janaria da gustuko dudana. Bisitatzeko oso leku politak ere badauzka: K2 mendia, eta mendialdeko oso leku politak. Gaztelu zaharrak, eta leku kultural ederrak, baita nekazaritzako gune asko ere. Elurra dagoen eremuak daude, desertu guneak...denetarik dauka.

Mantentzen duzu kultura pakistandarra?

Etxean izan dugu Pakistaneko kultura, baina denok ikasi genuen hemengo hizkuntza etorri ginenean, eta etxean beti euskaraz edo erderaz aritzen ginen. Beraz, Pakistaneko hizkuntzak, panyabia eta urdua, ez ditugu asko ikasi. Orain, heldua egin naizenean hasi naiz batzuetan Pakistanera joaten, bi edo hiru urterik behin, eta horrela ikasi ditut hizkuntza horiek.

Zergatik etorri zinen Euskal Herrira?

Aita hemen bizi zen. Hasieran oporretan etorri zen Espainiara, baina gero, geratzea erabaki zuen. Lehenengo Toledon egon zen, bertan nekazaritza lanak egiten zituzten ezagunak zituelako. Gero Euskal Herrira etorri zen, Antzuolara, lagun batzuekin. 2000 urte inguruan izan zen hori, eta orduan erraza zen paperak egitea, beraz paperak egin zituen. Urteak pasatu ziren, eta semeak handi egiten ari ginela ikusita, aitak erabaki zuen familia osoa hona ekartzea, 2005. urtean; nik 12 urte nituen.

Europari buruzko ze espektatiba zeneuzkan?

Ez neukan ezer entzunda Europari buruz. Herri txiki batekoa nintzenenez, ez neukan ikasketa handirik, eta gainera garai hartan ez zegoen internetik ere.

Nola gogoratzen dituzu hona iristerakoan lehenengo egunak?

Gogorrak izan ziren. Hona etorri ginenean, aitak esan zigun mendi batean bizi ginela, herritik urrun. Baina Antzuolako auzo batean bizi ginen, erdialdetik hurbil. Hiru hilabete egon ginen auzotik atera gabe, herria oso urrun zegoela pentsatuta.

Nola egokitu zinen hemengo bizitzara?

Ondo. Juan Jose izeneko antzuolar batek asko lagundu zidan; etxean asko ginenez, seme adoptibotzat hartu ninduen, eta berarekin bizi izan naiz. Bizitza osoan zehar lagundu dit, eta oraindik ere asko laguntzen dit; bigarren aita bat da niretzat. Hizkuntza ikasten lagundu zidan, bizitza aurrera ateratzen...

Euskara ikastea erraza egin zitzaizun orduan?

Eskolan hasi nintzenean, lagunak egin nituen eta horrek ere erraztu zidan hizkuntza azkar ikastea; 3-4 hilabetean ikasi nuen euskara. 18 urte bete arte ez nuen gaztelania ikasi, euskararekin nahikoa nuen. Orduan mekaniko lanak ikasten hasi nintzen Zumarragan, eta ikasketak gaztelaniaz zirenez, ikasi behar izan nuen. Antzuolan eta Bergaran oso euskaldunak dira, eta denek egiten zidaten euskaraz.

Paperekin arazorik izan zenuen garai hartan?

Ez. Garai hartan ez genuen izan arazo askorik; gauzak hobeto zeuden. Hemengo jendeak etorkinei laguntzen zien. Baina geroz eta jende gehiago etorri ahala, gauzak aldatu dira. Orain, oso zaila da. Nire emaztea orain Pakistanetik etorri da, eta lau urte daramagu paperekin bueltaka. Ezinezkoa da, oso zaila. Ez da soilik legearengatik; edozein tramitazio egiteko ere denbora asko ematen dute, urte bat edo bi.

Trabarik ekarri dizue horrek?

Bai. Adibidez, emazteak osasun larrialdi bat izan zuen, eta ospitalean arreta emateagatik 500 euroko faktura bidali ziguten, paperak oraindik tramitatu gabe zeuzkalako. Nik ordaintzen ditut zergak, eta bera nire emaztea da; baina hala ere, aparte ordaindu behar du.

Antzuolako Alardean ere parte hartu izan duzu, Mairu papera egiten. Zer nolako esperientzia izan da?

Eskaini zidaten, eta pozik onartu nuen. Oso esperientzia ona izan da. Lehengo garaiko kultura jakitea eta umeei zein gizarteari transmititzea garrantzitsua da. Ezinbestekoa da historia ez ahaztea; azkenean historiatik bizi gara.

Ze asmo daukazu etorkizunean?

Hemen geratzeko asmoa daukat. Etxea Antzuolan erosi dut, lagunak hemen dauzkat, eta baita lana ere. Gurasoak eta anai arreba batzuk Ingalaterrara joan dira bizitzera, baina nik, gauzak ondo bidean badoaz, hemen jarraituko dut.

Euskal Herriko gizartera egokitzea, lehen errazago

"Erraza" egin zitzaion Ghulami umea zela Antzuolara egokitzea. Eskolan eta futbolean laster egin zituen lagunak, eta harrera ona egin ziotela dio. Hala ere, uste du gauzak asko aldatu direla azken urteetan: "Ni etorri nintzenena, oso jende kanpotar gutxi zeuden, eta errazagoa zen hemengo jendearen lagun egitea. Orain, kanpotar asko dago, eta beraien artean batzen dira; hemengo jendearekin konektatzea kostatzen zaielako". Uste du, zaila den arren, badaudela aukerak Euskal Herrian jaiotako herritarren lagun izateko. Garrantzi handia ematen dio euskara ikasteari, edo herriko giroan parte hartzeari: "Uste dut kanpotik datorren jendea euskaltegira joaten bada euskara ikastera, edo tabernan bertakoekin elkartuz gero, lagunak egiteko aukera dagoela ". Errazagoa egin zaio Antzuolara egokitzea, "herri txikia" delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak