Hainbat dira Ameriketako Estatu Batuetako Euskal Etxeetara pilotan jokatzera joaten diren pilotariak. Euskal Ligako txapeldunek, esate baterako, saritzat jasotzen dute era horretako bidaia bat egitea, eta Soraluzeko klubeko pilotariek izan dute aurten horretarako aukera, San Frantzisko helmugatzat izanda; tartean, Aitor Mendizabal eta Manex Balerdi antzuolarrek. "Txapelketa irabazten duen bikoteak eta beste bi pilotarik, rankinga aintzat hartuta, eskuratzen dute saria; kasu honetan, gure kluba, Soraluzekoa, gelditu zen txapeldun, [Ander] Muruak eta Balerdik irabazita, eta hala izan dugu AEBetara joateko aukera", azpimarratu du Mendizabalek.
Hilaren 12an abiatu ziren San Frantziskorantz, Euskal Jaia ospatzen baitzen hango Euskal Etxean asteburu horretan –otsailak 15 eta 16–, eta pilota partiduak antolatu zituzten. Hala ere, ez ziren bakarrik aritu, eurekin batera izan baitziren Xabier Rekalde eta Beñat Garmendia pilotariak, eta Laura Saez, Irati Ruiz de Azua, Amaia Irazustabarrena eta Leire Galdos, gomazko paletan diharduten kirolariak. Oier Zearra eta Lur Ziarrusta ere han izan ziren, Euskadiko Euskal Pilotako Federazioko eta Munduko Pilota Batzarreko ordezkariak, hurrenez hurren.
Bidaia, "sekulakoa"
Bidaia "sekulakoa" izan dela adierazi dute bi pilotariek, aukera "bakarra" izan dela, eta pilotan aritzeaz gain aisialdirako aukera ere izan dutela: "San Frantzisko bisitatzen igaro genituen lehen bi egunak, eta, horretarako, Euskal Etxeko gida bat izan genuen alboan, bazter guztiak erakutsi zizkiguna; pribilegiatu batzuk garela ohartu ginen, ohore bat izan baita horrela zainduta egotea. Pilota partiduak, berriz, asteburuan jokatu genituen, Euskal Jaian: meza, txistulariak, dantzariak, bazkaria... denetik zegoen, eta arratsaldeko pilota partiduen ondoren, afaria eta dantzaldia, Ipar Euskal Herriko musika talde batekin". Haien hitzetan, euskal kulturak "bizirik" jarraitzen du han, eta hori nabarmendu beharrekoa dela uste dute: "Eutsi egiten diote, eta baita hizkuntzari ere, euskarari; lotura handia dute".
Euskal Jaiaren ondoren, hurrengo bi egunak, Las Vegasen igaro zituzten. "Inguru hura ezberdina da ikusteko, gurearekin alderatuta beste mundu bat, baina polita". Azkenean, hilaren 21ean itzuli ziren etxera.