Ibai Larrea, errekorra onduta, eta Garazi Abasolo, garaile Antzuolan

Hasier Larrea 2025ko ots. 22a, 17:09

Faboritoak nagusitu dira Antzuolako 8 Miliak lasterketan. Gizonezkoetan, lehia bizia izan dute Ibai Larreak eta Aitor Ajuriak, eta emakumezkoetan ere ondo estutu du Miren Bastidak Garazi Abasolo. Podiumeko hirugarren koxkara igo dira Iñigo Alzola eta Ainhize Lizarralde. Xehetasun guztiak astelehenean Goiena Telebistaren Harmailatik saioan, 20:00etan eta 22:00etan.

Garaipena eta errekorra begiz jota zituen 13,8 kilometroko lasterketa hasi aurretik Ibai Larrea antzuolarrak, eta suspense handiarekin izan bada ere, helmugara ordubete eta 24 segundoan iritsita lortu ditu bi helburuak. Hark 2023an ezarritako marka –ordubete eta 53 segundo– 29 segundoan jaitsi du, beraz. Horpoz horpo jarraitu dio Aitor Ajuriak bukaeraraino; ordubete eta 52 segundoan iritsita, harena da orain 8 Milietako bigarren markarik onena. Irimorako igoeran Ajuriak markatu du erritmoa, baina hortik aurrera etxekoa izan da jaun eta jabe. Iñigo Alzola arrasatearrak, iazko irabazleak, hirugarren postua mantendu du uneoro, eta halaxe iritsi da Herriko Plazara.

Emakumezkoetan ere saltsa polita egon da lehen postuetan. Garazi Abasolo aretxabaletarrak 1h 23' 51''-an gelditu du kronoa; Miren Bastida azpeitiarrak, ostera, 28 segundo beranduago. Kasu honetan ere batera iritsi dira Irimoko gurutzera, txapela garesti egongo zela iragarriz. Ainhize Lizarralde antzuolarra izan da hirugarren, ordu eta 31 minutuko markarekin. 

Antzuolarrentzat egun borobila izan da, beraz, Larrearen errekorrari Lizarralderen hirugarren postua gehitu behar baitzaio. Bestetik, Markel Fernandezek eta Laura Iturbek eraman dute beteranoen saria. 

Gaztetxoen lasterketa ere jokatu dute nagusienaren aurretik, eta hor podiumera igo direnak, hurrenez hurren, Unax Agirre, Lucas Gomez eta Samuel Garcia mutiletan eta Nerea Badiola, Sara Poza eta Noa Herzog nesketan izan dira. Antzuolar gazterik bizkorrenak Julen Garitano eta Izadi Sodupe izan dira.

Giro bikaina

Debagoieneko aurtengo lehen mendi lasterketa baldintza bikainetan jokatu da. Bart gauean euria egin duen arren, ez da lokatz gehiegirik sortu, eta korrikalariek lasterketaz gozatzeko aukera izan dute. Ikusleen animoek ere lagundu dute horretan, eta bereziki helmugan eta Irimon txalo zaparrada handiak jaso dituzte 274 lehiakideek.

Erlazionatuak

Antzuolako 8 Miliak lasterketako argazkiak

Josu Bilbao Atxutegi ots 22, 17:35 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak