Bueltan da Patxiko Txerren ipuingintza lehiaketa, Idolaz elkarteak horretarako lehen urratsak egin ondoren, Zumaia Elkoro elkartekidearen hitzetan: "Behin baino gehiagotan aritu gara hizketan horretaz gure artean, eta, azkenean, Udalean aurkeztu genuen. Lehiaketari buruzko oroitzapen onak genituen, ume ginenekoak, eta horri eutsiz berriro ere martxan jartzea pentsatu genuen. Ordutik hona, elkarlanean dihardugu Udalarekin, eta oso eskertuta gaude".
1997an egin zituen lehen urratsak lehiaketak, liburutegiak bultzatuta, eta 2019an egin zen azkenekoz, COVID-19ak eragindako izurritearen aurretik. Hasierako urteetan, gainera, herri mailako lehiaketa zen, haurrek, gazteek eta helduek har baitzezaketen parte, Herri Eskolako haurren parte-hartzean zentratu zen arren gerora. "Taldean gabiltzanok beti lotu izan dugu lehiaketa umeekin, baina helduagoei ere parte hartzeko aukera eman nahi diegu". Horrenbestez, hirugarren mailatik seigarrenera arteko ikasleek ez ezik, lehiaketaren aurtengo edizioan parte hartzeko aukera izango dute 12 urtetik gorakoek, herrian bizi edo lan egiten dutenek, nagusientzako kategoria izango baita. Gaiari dagokionez, librea izango da, baina lanek euskaraz idatzita egon behar dute, halabeharrez.
Era horretan, Elkorok nabarmendu du sormena eta irudimena lantzea dutela helburuetako bat, baita idatzizko adierazpena ere. "Horrez gain, irakurzaletasuna bultzatzea dugu xede, eta euskarazko ipuingintzari bultzada ematea. Hala ere, garrantzitsuena haurrek zein helduek gustura egiteko ekintza bat izatea da; horrenbestez, parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, inolako aitzakiarik izan gabe".
Parte hartzeko urratsak
Herritar bakoitzak ipuin bakarra aurkez dezake, eta lanak eskuz idatzitakoa izan behar du, letra ulerkorrean; haurren kategoriako ipuinek orrialde bakarra eduki behar dute, izan marrazkiarekin edo gabe, eta nagusien mailakoek, berriz, lau. Lan horiek gutun-azal batean entregatu behar dira, liburutegian edo eskolan, eta kanpoan, izenburua ez ezik, parte-hartzailearen adina idatzi behar da, anonimoagoa izan dadin. Hala ere, gutun-azalaren barruan bestelako datuak aipatu beharko dira, aparteko gutun-azal txiki batean: ipuinaren izenburua, egilearen izen-abizenak eta adina. Martxoaren 28a da lanak aurkezteko azkeneko eguna.
Epaimahaiari dagokionez, Idolaz elkarteko ordezkariek eta liburuzainak osatuko dute, eta bi kategoriatan banatuko dira sariak, maiatzaren 9an: haurrenean, irabazle bana izango da adin bakoitzean, eta bina liburu jasoko dituzte; eta nagusienean, liburuak erosteko bonua eskuratuko du batek. Horrez gain, ipuin guztiak koadernatu egingo dira eta liburutegian jarri; sariketarako hautatzen direnekin, gainera, liburuxka bat argitaratuko dute.
Antero Apaolazaren oroimenez

Antero Apaolaza. Irudia: Wikipedia.
Urretxun jaio arren, antzuolarra zuen ama –Maria Isabel Aranguren– Antero Apaolaza Arangurenek (1845-1908). Madrilen egin zituen botikari ikasketak, eta, titulua eskuratutakoan, Bergaran ireki zuen denda. Politikan ere aritu zen, eta Bergarako alkate izendatu zuten 1881eko uztailean –liberala zen–; hala ere, irailean kargua utzi eta Antzuolara joan zen bizitzera.
Erretiratu zenean ekin zion literatura idazteari, eta Antonio Truebaren El judas de la casa obraren egokitzapena egin zuen euskarara, Patxiko Txerren titulupean, 1890ean kaleratua: Antzuolako Basalde auzoan kokatu zituen kontakizunak, familia baten gorabeherak kontatuz herriko paisaia ugaritan. Hala, adituek diotenez, ez da itzulpen soil bat, oso bertsio librean idatzita dagoela baitiote. Haren oroimenez jarri zioten, bada, 1997an, Antzuolako literatur lehiaketari Patxiko Txerren izena.
Lan gehiago idatzita
Bost edizio izan ditu Apaolazaren lanak, eta Resurreccion Maria Azkuek linda obrita (obratxo polita) zela adierazi zuen. Jakinekoa da, gainera, lan horrez gain beste batzuk ere idatzi zituela, baina, hil ondoren –1908ko abenduaren 21ean, Antzuolan, Bergarako hilerrian dagoen arren lurperatuta–, haren senideek erre egin zituzten, beraren ideia liberalak zirela eta.