Herrixan erosi, herrixa bizi kanpaina jarri du, beste urte batez, martxan Udalak, "herriko merkataritza sustatzeko eta bertako erosketen garrantzia" azpimarratzeko: "Komertzioa duen herri bat herri bizi bat da, eta gure helburua herritarrak herriko dendetan erostera animatzea da, guztion ongizatea eta ekonomiaren indartzea sustatzeko".
Horretarako, otsailaren 17an, bihar, ekingo diote ekimenari, eta herriko komertzioetan kontsumitzen duten bezeroek erosketa-txartelak eskuratzeko aukera izango dute, denda bakoitzean berehala erabiltzeko hamar euroko hiru txartel eta hogei euroko bat izango baitira; txartel horietako bat ere lortzen ez dutenek, ordea, martxoaren 11n udaletxean egingo den zozketa nagusian parte hartzeko aukera izango dute, aurrez izen-abizenak eta telefonoa apuntatuta, ehun euroko lau sari-txartel zozkatuko baitituzte, martxoaren 31 baino lehenago erabili beharko direnak.
Hala, Udalak azpimarratu du herritarren parte-hartzea "funtsezkoa" dela ekimen hori "arrakastatsua" izan dadin, eta erantsi du zalantzarik izanez gero udaletxera jo behar dela horiek argitzera.
Bigarren aldia du
2023ko abenduan jarri zuen lehenengo aldiz abian Herrixan erosi, herrixa bizi kanpaina Udalak, herriko merkatariekin elkarlanean, antzuolarrak Gabonetako erosketak herrian egitera bultzatzeko asmoz. Hala ere, kanpaina amaitutakoan, ohartu ziren Gabonetan beste aldi batzuetan baino gehiago kontsumitzen dela herriko komertzioetan, eta, horrenbestez, data aldatzea erabaki zuten: bigarren aldi honetan, horrenbestez, erabaki dute Gabonetan egin baino otsailera aldatzea kanpainaren data, hilabete hutsagoetan herriko komertzioei indarra emateko asmoarekin.