Gimnasia erritmikoko entrenatzailea zara gaur egun, baina noiztik zaude kirol horri lotuta?
5 urterekin hasi nintzen gimnasia egiten, eta 19 urterekin utzi nuen; pandemia garaia hasi zenean, hain justu. Orduan, entrenatzaile titulua atera eta beste aldera pasatu nintzen; ordutik hona dihardut entrenatzaile lanetan.
Kirolari ala entrenatzaile, zertan moldatzen zara hobeto?
Oso ezberdinak dira bi aldeak; ez nuke jakingo esaten zertan moldatzen naizen hobeto. Hori, agian, beste pertsona batek hobeto esango luke. Ni ahalik eta lan txukunena egiten saiatzen naiz entrenatzaile gisa, eta gimnasta gisa ere horrela egiten nuen. Esan beharra daukat bi aldeetan naizela oso lehiakorra.
Horren kirolzalea izateak eraman zintuen Nutrizioa ikastera?
16 urte inguru nituela Gipuzkoako Federazioak antolatu zuen teknifikazio saio batean, nutrizioaren gaineko hitzaldi bat izan genuen, eta orduan sartu zitzaidan nutrizioa ikasteko gogoa. Hala ere, betidanik izan dut elikaduraren inguruko interesa.
Nutrizionista izanda, egunerokoan jaten duzun guztia neurtzen duzu?
Ez dut guztia neurtzen; orokorrean, denetik jaten dut. Pazienteei ematen dizkiedan gomendioak jarraitzen ditut; kontua ez da guztia neurtzea, oreka izatea baizik.
Kirola eta nutrizioa bai, baina Iratik badu hirugarren esparru bat.
Bai; txikitatik musika izan da nire pasioa. Trikitia jotzen ikasten hasi nintzen 8 urte nituela, eta, ondoren, gitarra jotzen ikasi nuen, nire kabuz. Karena taldeko kide naiz eta aurreko urtean disko bat kaleratzeko aukera izan genuen. Gaur egun, pianoa ikasten ere banabil, musika eskolan.
Nondik ateratzen duzu egiten duzun guztirako denbora?
Ondo antolatzea da gakoa. Normalena asteko egun guztiak berdinak izatea izaten da, baina, nire kasuan, asteko egun bakoitza ezberdina da, eta ordu guztiei probetxua ateratzen saiatzen naiz. Nire lana asko gustatzen zait eta beti esaten dut nire ofizioa afizioa ere badela; hortaz, oso gustura egiten dut guztia. Gimnasia erritmikoak antolakuntza honetan asko lagundu didala aitortu beharra daukat.
Hiru esparru horietatik bat bakarra aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke eta zergatik?
Zer galdera zaila! Hiru esparruak lotzen dituena gimnasia erritmikoa dela esango nuke: alde batetik, kirola eta nutrizioa lotuta doaz; eta, bestetik, kirol horrek musika ere beharrezkoa duelako.
MOTZEAN
Michelin izardun jatetxe bat ala amamaren etxea? Amamaren etxea.
Hotela ala furgoneta? Hotela.
Abesti bat. Gorka Urbizuren Etxe bat.
Gimnasiarako zer? Uztaia.
Antzuolako toki bat. Antiguako errotako parkea.
Ezkutuko zaletasuna? Pintura.