Landatxope pizteko ekintzak antolatzen ari dira

Imanol Beloki Unamuno 2025ko ots. 14a, 16:36

Landatxope Jubilatu Elkartekoak karta-jokoan.

Antzuolako Landatxope Jubilatu Elkarteko kideek ekintza berriak txertatu nahi dituzte urteko programazioan, jendea elkartera gertura dadin. Horren baitan, Ostegunetako Tertuliak saioa egingo dute otsailaren 20an, Toti Martinez de Lezea idazlearekin.

Antzuolako Landatxope Jubilatuen Elkartea urratsak egiten ari da elkartea biziberritzeko. Horren baitan, urteko programazioa antolatzen ari dira, eta berrikuntzak txertatu nahi dituzte, jende gehiago elkartera erakartzeko asmoz. Aldiro antolatuko dituzten ekintza bereziez gain, irteerak prestatzen ari dira, eta ohiko jarduerak ere martxan dituzte.

Ekintzetara gerturatzeko deia

Landatxope Jubilatuen Elkartean 270 lagun inguru dira bazkide, eta Elkartea osasuntsuago egoteko urratsak egiten ari direla dio Joxe Angel Arbuluk, Landatxope Erretiratuen Elkarteko kideak. "Pandemiaren ostean, behera egin zuen Landatxopek; gainontzekoetan moduan, gurean ere, eta horri buelta eman nahian, orain programazio indartsua antolatzen ari gara. Dantzak antolatu ditugu; ostiraletan karta-jokoa; hilean behin Ostegunetako Tertuliak… Helburua jendea elkartera gerturatzea da".

Txangoak, arrakastatsu

Apirilean Errioxara joateko asmoa dutela dio Arbuluk, eta, honako hau egun bateko irteera den arren, maiatzean, berriz, Cadizera Herri zurien ibilbidea egitera joango direla dio, astebeterako. "Irteerek erakartzen duten ekintzak dira. Izan ere, bidaia horietara animatzen dira elkarteko bazkideak, baina bestelako ekintzetara ere gerturatu nahi dugu jendea".

Inauterietan mozorrotuta

Elkarte gisa martxoaren 4an, Inauteri-martitzenean, merienda egingo dute Landatxopen, beste urte batzuetan egin duten moduan, ohiturari eutsiz, eta mozorrotuta joateko gonbidapena egin diete elkarte-kideei antolatzaileek. 18:30 aldera batuko dira, mokadutxo bat jateko, eta mozorro onenarentzat saria egongo dela aurreratu dute.

Martinez de Lezearekin berbetan

Hilean behin, behintzat, tertulia bat antolatzen saiatuko dira Landatxope Erretiratuen Elkartekoak, Landatxopen bertan. Hurrengo saioa otsailaren 20an izango dute, eta hitzordu horretan Toti Martinez de Lezea idazle arabarrarekin jardungo dute. Tertulia 17:00etan hasiko da, eta saio irekia da, interesa duen ororentzat. "Toti Martinez de Lezea ezagutzen dugu, eta, haren liburuen gainean solasaldia izateaz batera, hura pertsona moduan ezagutzeko tartea ere izango dugu solasaldian", adierazi du Joxe Angel Arbulok. Gaineratu duenez, galderak egiteko gogoz nahi dituzte herritarrak, solasaldi dinamikoa eta parte-hartzailea egiteko asmoz.

Martxokoak prestatzen

Asmoa hilean behin antolatzea den arren, martxoan bi tertulia egin nahi dituztela aurreratu du Arbuluk: "Antolatu dugun saioetako bat Antzuolako botikako arduradunarekin da, Amaia Garitanorekin. Horrekin batera, Istripu zerebrobaskularrez –iktusa– hitz egingo duen norbait etortzea ere nahiko genuke; ikusiko dugu lortzen dugun. Hala ere, horien berri emango dugu aurrerago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak