Marka irudi berria aurkeztu du Antzuolako Udalak, "herriko iragan larrugilean" oinarrituta, Olatz Lezeta alkatearen hitzetan: "Okrea da hautatutako kolorea, larrugileen kolorea, bi mendez herriko motor ekonomiko garrantzitsuena izan baitzen. Uste dugu kolore egokia dela Udalaren marka irudiarentzako. Gainera, inguruko Udalek erabiltzen ez duten kolore bat da, eta horrek are gehiago indartzen du erakundearen erreferentzialtasuna".
Komunikazio "argi, bateratu eta eraginkorra" garatzeko asmoz, eraberritze prozesua abiatu zuen Udalak iazko udan, eta prozesuaren emaitzetako bat da marka irudiaren aldaketa, "estrategia horren zutabeetako bat" dela iritzita. Hala ere, ez da Udalak iragarri duen berritasun bakarra izan, beste biren berri eman baitu: alde batetik, Whatsapp kanal bat ireki du, eta aukera hori baliatuko du hala nahi dutenei "informazio garrantzitsua aldebakarrez" helarazteko; eta bestetik, Hirix eta X kontuak ezabatu ditu, "herritarren ohiturak" gogoan izanda.
Bide gehiago eskura
Kexak eta iradokizunak Whatsappez jasotzeko 673 905 328 telefono zenbakia jarri du herritarren eskura, eta aktibo mantentzen du udala@antzuola.eus helbidea. Horrez gain, martxan jarraitzen dute Instagram kontuak, webguneak, telefono zenbakiak (943 766 246) eta ohiko informazio bideek, hala nola kultur agendak, plazako panel digitalak eta kartel fisikoek.