Ekain Larreak –Real Sociedad klubean dihardu– Gipuzkoako errekorra ondu du 1.500 metrotan, eta sentsazio "onak" izan zituela nabarmendu du: "Federatutako edozeinek har dezake parte proba horretan, eta helburua normalean da bakoitzak bere markarik onena egitea. Federazioak erbi bat jarri zuen horretarako, aurretik tiratzen joaten den pertsona bat erritmoa marka dezan, eta haren atzetik joan nintzen kilometro batez; ondoren, bakarka erdietsi nuen marka".
Errekor horrek, gainera, bazuen beste helburu bat ere, Espainiako txapelketa absolutura sailkatzeko bide izan baita antzuolarrarendako. Hain zuzen ere, otsailaren 22an, zapatuan, jokatuko dira finalerdiak Madrilen, eta hurrengo egunean izango da finala. Horrenbestez, jakinarazi du, izena emanda duen arren, ez dela Antzuolako 8 Miliak lasterketan izango, hilaren 22an baita.