Arrolak mendirako materiala du alokagai bazkideendako

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 27a, 08:58

Mendirako materiala. Irudia: Unplash.

Doakoa da alokairua, baina, baldintza batzuk betetzeaz gain, betebehar batzuk dituzte erabiltzaileek.

Elurretako erraketak, kranpoiak, pioletak, kaskoak, arnesak, ferrata bideak egiteko ekipamendua eta mendiko eskirako erreskate-kitak alokatzea du eskaintzatzat Arrola Mendizale Elkarteak; material bakoitzetik bina pieza, hain zuzen ere. Horrez gain, baita walkie-talkie sorta bat ere.

Doakoa da materialaren alokairua, baina erabiltzaileek baldintza batzuk bete behar dituztela azaldu dute batzordeko kideek: "Arrola Mendizale Elkarteko kidea izan behar da eta 18 urte baino gehiago izan behar dira; hala ezean, legezko tutorearen baimena behar da. Mendiko ekipamenduaren erabileraren oinarrizko ezagutza ere izan behar da". Eskaria egiteko, berriz, erabiltzaileek aurreikusitako jardueraren data baino hamar egun lehenago aurkeztu beharko dute eskaera, gutxienez, eta Arrolak gehienez ere bost eguneko epean erantzuteko konpromisoa hartzen du. Are gehiago, gehienezko alokairu-aldia zazpi egunekoa izango da, eta 50 euroko berme-gordailua –eskudirutan emana– utzi beharko da, materiala baldintza beretan itzul dadin.

Betebeharrak

Erabiltzaileek, hala ere, materialaren eskaria eginez gero, betebehar batzuk dituzte: "Materiala egoki eta bere erabilera espezifikorako erabiltzea, materialari aldaketarik edo konponketarik ez egitea, materiala hirugarren pertsona batekin ez partekatzea, alokairuan zehar izandako kalte edo galeraren berri ematea, eta jaso zen egoera berean itzultzea".

Eskaera eginez gero, hemen da galdetegia eta informazio zehatza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak