Lehen Erregional Mailan dihardu gizonezkoen AKEko taldeak, eta, liga bosgarren postuan amaituta, ez du mailaz igotzeko aukerarik izango; bai, ordea, Kopa jokatzekoa. "Multzo honetan, lehen fasean, oso talde gogorrak egokitu zaizkigu, aurreko urtetik asko hobetu direnak, eta hori nabaria da lehen itzulia nola bukatu genuen ikusita", azaldu du Aitor Aierbek, AKEko entrenatzaileak. Taldekideek balorazio bat egin zuten ondoren, ea zer hobetu zezaketen: "Lehen bi postuetan egoteko gai ikusten genuen geure burua –hala izanez gero, mailaz igotzeko aukera izango zuten–, baina hainbat arrazoirengatik ez gara gai izan aurrera egiteko eta puntu gutxi atera ditugu; ez dugu sailkatzerik izan".
Iazko denboraldiarekin alderatuz gero, Aierbek aitortu du mailaz jaitsi ondoren "normala" dela partidu gehiago irabaztea, eta hala egin dutela orain arte, baina ez dela aski izan: "Dena den, partidu dezente galdu ditugu, eta horri begiratu behar diogu". Horrez gain, badu beste "arantza bat" barnean sartua: "Gustatzen zait partidu guztietan lehiakorrak izatea 95 minutuz, azkeneko minutura arte borrokatzen egotea puntuengatik, baina ez dugu lortu". Datozen partiduetan, horrenbestez, horretan saiatuko dira: "Entrenatzaileok eta jokalariok argi dugu maila honetan partidu ona eginez gero edozein talderi irabazteko gai garela. Hori egiten saiatuko gara; ea horrela den".
Entrenatzaile-taldeak ere autokritika egin du: "Sentsazioa dugu ez dugula zuku guztia atera, ahalko genukeela zerbait hobetu; esperantza dugu bigarren fase honetan hori hobetzeko eta dena hobeto joateko". Horretarako, ordea, azpimarratu du jarraitzaileen beharra ere badutela: "Ikusleek Antzuolan sekulako indarra dute, eta hori emaitzetan nabaritzen da: zenbat eta jende gehiago etorri, orduan eta mesede handiagoa egiten digu".
Kopara begira
Asteburuan izango dute Kopako lehen partidua antzuolarrek, eta Urolakoak izango dituzte aurkari; horrez gain, multzo berean daude Bergara, Aretxabaleta eta Aloña Mendi, besteak beste. "Aipa dezakedana da Bergara kategoriaz igotzeko hautagai bat zela denboraldi hasieran, baina, azkenean, Kopan dela. Ederra eta gogorra izango da euren kontra jokatzea, jakinda zelan bizi den Bergara eta Antzuolaren artekoa; iaz arantza bat atera nuen Bergaran irabazita, eta orain helburutzat du Bergarari Antzuolan irabaztea".