Hirugarren ikasturtea du euskarazko irakurle taldeak Antzuolan, eta hiruretan aritu da dinamizatzaile Alaine Agirre (Bermeo, 1990) idazlea. Taldearen funtzionamenduaz, irakurle taldeen ekarpenaz eta euskarazko irakurzaletasunaz aritu da hizketan, besteak beste.
Zein da taldearen egunerokoa?
Hilean edo bi hilean behin batzen gara, eta saiatzen naiz irakurketa plangintza ikasturte hasieran ematen parte-hartzaileei, aurrez taldean adostutakoa izanda; halere, irekita egoten da eta bidea egin ahala joaten gara erabakitzen.
"LIBURU BATI ESKAINITAKO ORDUAK IZAN DAITEZELA IKASTEKO, ETA GURE BURUAREKIN KONEKTATZEKO"
Irakurleen nahiak, horrenbestez, aintzat hartzen dituzu.
Bai; interesak, gustuak eta gaitasunak, baina ez da erraza izaten: batzuek, nahiago dute lotzen duten argumentuak dituzten eleberri arinagoak irakurri; besteek, beharbada, estiloz eta idazkeraz konplexuagoak direnak. Oreka hori bilatzeko ahaleginetan dihardugu. Horrez gain, saiatzen naiz hainbat genero literariotako lanak sartzen: ikasturteko bospasei saioetako batean, behintzat, narrazio edo ipuin bilduma bat, poesiaren bat, komikia edo itzulpena...
Zertarako bide ematen dute irakurle taldeek?
Hasteko, jendea irakurtzera animatzeko, eta ez da gutxi; gainera, euskaraz. Irakurketa literarioagoa egiten ere ikasten da apurka, eta gozatu egiten da. Horrez gain, irakurketa zerbait kolektiboago, ekintza kolektibo, bilakatzen da: normalean, ohituraz-edo isolatuta egiten dugun zerbait da, baina taldean gure irakurketa-bizipenak, iritziak eta iruzkinak konpartitzean, gehienetan etxetik eramandako irakurketa, norberarena, osatzen da. Horrek ez du esan nahi aurretiko iritzia aldarazten denik derrigorrean, baina bai aberastu, osatu.
Eta irakurketak?
Irakurketarekin antzeko zerbait gertatzen da. Nire ustez, inportantea da, esate baterako, emozioekin konektatzea. Liburu bati eskaintzen dizkiogun orduak izan daitezela ikasteko, baina baita geure buruarekin eta munduarekin konektatzeko ere, edo egunerokotasuneko erritmo azkar eta estresagarri horretatik ihes egiteko. Ez doaz, gainera, banatuta: benetako ikaskuntza, askotan, plazeretik eta esangura duenean etortzen da, eta ahalegintzen naiz hori gerta dadin irakurketa taldean. Baina bai: munduak literaturaren bidez ematen digun hori hartzen dugu, eta guk ekarpena egiten diegu besteei ere.
"MUNDUAZ ETA GUTAZ ARITZEA, GERUZA SAKONAGOETARA JOATEA; HORI DAKAR LITERATURAK, EZTA?"
Pertsonalki zein ekarpen egiten dizu halako espazio batek?
Lana da, baina nik aukeratu dudana. Konturatzen naiz ondo egokitzen zaidala; izan ere, inportantea da egunerokotasunean munduaz eta gutaz hitz egitea, hausnartzea edo geruza sakonagoetara joatea, eta horretarako bide da literatura, ezta? Piztuta mantentzen nau, ikastera naramalako, eta inportantea da lanbideak hori ematea, ikasteko aukera eta jendearekin konektatzekoa edo komunikatzekoa. Irakurle taldeetan izaten ditugun elkarrizketak, gainera, ez dira askotan pintxo-potean edo familia-bazkari batean edukitzen.
Antzuolako kasuan, taldea oso jatorra da, ikasturte amaieran afari batekin agurtzen dugu elkar, ezinezkoa egiten zaigu saio laburrak egitea, poztu egiten nau partaideak ikusteak... Lana da, euskarri ekonomikoa behar dut, baina, esan bezala, ez dit hori bakarrik ematen.
Idaztea duzu beste jardunetako bat; lan guztiak, gainera, euskarazkoak dituzu. Egun, zertan diharduzu?
Euskaraz idaztea erabaki politiko bat da, pertsonala, etengabeko erabaki bat. Ez da erraza beti, baina, nire iritziz, horrek du zentzua, eta gozagarria da. Idazteari dagokionez, Lizardi Saria jaso nuen Euri eta ateri ipuinarekin, eta horren edizioarekin gabiltza orain, baina beste zirriborro batzuen artean ere badihardut. Superstizio txarra ematen dit argitaratu aurretik horretaz hitz egiteak, baina sentitzen dut lehenago iritsi ez naizen lekuak deskubritzen nabilela, ainguratzea dakarkidala idazteak. Bi opari izan ditut azken urtean, eta horietako bat izan da idaztera bueltatzea, idazten egotea eta horrekin sentitutakoa sentitzea.
Ikasturteko hurrengo saioak
Taldean ez da "aldaketa askorik" izan hiru urteotan, eta Agirrek batzeko dei egin die herritarrei. 18:00etan izaten dira saioak, udal liburutegian. Hauek dira datak eta liburuak:
- Martxoak 13, eguena. Iñaki Petxarromanen Lehendakariaren alaba liburua.
- Apirilak 10, eguena. Lizar Begoñaren Mundu zitalaren kontra liburua.
- Maiatzak 15, eguena. Eider Rodriguezen Haragia liburua.
- Ekainak 20, egubakoitza. Goiatz Labandibarren Zoo liburua.