Ibai eta Ekain Larrea, Euskadiko Kros Txapelketan lehenak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 14a, 09:47

Ibai eta Ekain Larrea, urtarrilaren 12an, Euskadiko Kros Txapelketan.

Urtarrilaren 12an, domekan, izan zen lasterketa Ordiziako Oiangu parkean, Txindoki Atletismo Taldeak antolatutako Txindoki Krosean. Bi anaiek sentsazio "oso onak" izan zituzten, eta Espainiako Kros Txapelketara sailkatu dira.

Euskadiko Kros Txapelketan antzuolarrak izan dira garaile aurtengoan; bai, behintzat, gizonezko absolutuetan. Hain zuzen ere, Ibai Larreak –Goierri Garaia klubean dihardu– eskuratu du lehendabiziko postua, 31 minutu eta 24 segundoko markarekin, eta hurrenez hurren izan du Ekain Larrea –Real Sociedad taldean dabil– anaia, zortzi segundotara, 31 minutu eta 32 segundo behar izan baitzituen lasterketako ibilbidea egiteko.

Lau hilabete geldi egon ondoren, belauneko lesio baten ondorioz, bigarren lasterketa izan zuen Ibai Larreak: "San Silvestre egin nuen Gabonetan, eta oso ondo sentitu nintzen; ez nuen minik batere sentitu, eta sentsazioz oso ondo aritu nintzen. Hala, pentsatu nuen federatutako lasterketekin hastea eta kros hau izan da lehendabizikoa". Haren hitzetan, beldur zen lesioaren ondoren ez ote zen horren prestatuta egongo horrelako lehia baterako, Euskadiko Kros Txapelketa baterako, lau hilabeteotan ez duelako lehiarik izan eta horrek "kalitatean" eragiten dutelako: "Pixka bat kezka horrekin joan nintzen lasterketara, baina ibilbide osoan zehar izan nituen sentsazio oso onak eta indartsu sentitu nintzen, oso gustura". Are gehiago, Euskadiko txapela irabazteak "sekulako ilusioa" egin diola aitortu du: "Batetik, lesioa ahaztu egin dudalako apur bat, nahikoa buelta eman baitizkiot aurrez; eta bestetik, nire buruari demostratu diodalako sasoia hartu dudala".

Ekainen esanetan, berriz, bi anaiek "betidanik" egin izan duten modalitate bat da krosa, eta "garrantzia" ematen diote, horrenbestez. Lasterketan sentitutakoei dagokienez, "aspaldiko sentsaziorik onenak" izan dituela azaldu du, lasterketa egin aurretik ez zuen espero arren hain aurrean ibiltzea: "Horren kros gogorretan-eta badago jendea, hasiera batean, behintzat, ni baino hobeto egingo zuela uste nuena, baina, ondoren, ondo sentitu nintzen lasterketan zehar eta Ibaik eta biok aurrera egin genuen". Hala ere, erantsi du anaia "oso ondo" ibiltzen dela "horrelako lurretan" eta "gehiago" izan zela, azkenean: "Edozelan ere, oso gustura nago egindakoarekin".

Espainiakora sailkatuak

Euskadiko Kros Txapelketako lehen hirurak –beste bizpahiru lasterkarirekin batera– zuzenean sailkatzen dira Espainiako Kros Txapelketara, eta, horrenbestez, han izango dira Ibai eta Ekain Larrea anaiak: urtarrilaren 26an, domekan, jokatuko da, Getafen. Hala ere, Ekainek nabarmendu duenez, bederen, pertsonalki ez du aurreikuspen handirik lasterketa horretarako, "maila askoz ere hobea" dagoelako. Horrez gain, Antzuolako 8 Miliak lasterketan izango dira biak: otsailaren 22an jokatuko da, zapatua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak