Argiak eta ekintza ugari aurtengo Gabonetan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko abe. 23a, 09:18

Udaletxeko balkoia Gabonetako argiekin argiztatuta. Irudia: A.R.K.

Bihar, hilaren 24an, hasiko dituzte Gabonak herrian, ohikoak diren ekintzekin; aurten, gainera, herriaren erdigunea argiztatuta egongo da. Horrez gain, San Esteban krosa egingo da hilaren 26an, eta urtea, berriz, arrola gainean hasiko dute herritarrek.

Zorion mezua dakar aurten udaletxeko balkoiak, Zorionak dioen argi-panel batek argiztatzen baitu; gainaldean, berriz, Olentzero dago, Olentzero argiztatu bat, herritarren zaindari. Joan den astean jarri zituzten Gabonetako argi horiek, udaletxean ez ezik baita herriaren erdigunean ere –zuhaitz batzuetan eta Zurrategiko kioskoan–, zintzilik; 2.760 euroko aurrekontua zehaztu dute horretarako.

Bihar, hilaren 24an hasiko dira Gabonetako ekintzak. Pausoka guraso elkarteak antolatuta, kalejira egingo dute, 11:00etan Antiguatik hasita, beherantz, eta 11:30etik 14:30era, berriz, herriko artisauen eta bigarren eskuko gauzen azokak hartuko du lekua, Zurrategi plazan. Horrez gain, han izango dira Ez Dot Moztuko Bizarra taldekoak ere, hamaiketakoa egingo baitute 12:30ean. Arratsaldean, berriz, Olentzerori eta Mari Domingiri ongietorria egingo diete, San Josetik jaitsiko baitira, 18:30ean.

Ez dira, ordea, Gabonetako ekintza bakarrak izango. Udalak antolatuta, hilaren 26an San Esteban krosa egingo da, haur, gazte eta helduena, eta 31n, berriz, Gabonetako pilota-kopako finalak jokatuko dira, Deba bailarako eskolen artekoak. 2025a Arrolan hasiko dute herritarrek, eta, hurrengo egunean, haur parkea egongo da patioan.

Gabonetan bonurik ez

Antzuolako Udalak, herriko merkatariekin batera, Herrixan erosi, herrixa bizi kanpaina jarri zuen martxan iazko Gabonetan, herriko komertzioetako kontsumoa sustatzeko asmoz. Erosketa bakoitzeko 10 euroko bonua eskuratzeko aukera zuten herritarrek, eta, horrez gain, zozketa handiago batean har zezaketen parte. Hala ere, Udalak jakinarazi duenez, aurten otsailean egingo dute kanpaina, "Gabonetan bestela ere ibiltzen delako jendea. Otsaila nahiko tristea izaten da dendarientzat eta, oro har, baita herriarentzat ere; horrenbestez, orduan egingo dugu kanpaina, eta aurrekontua, gainera, zertxobait igo dugu: 10, 20 eta 100 euroko sariak emango dira".

Halaber, Udalak eskerrak eman dizkie komertzioetako jabeei: "Gabonetan saiakera berezia egiten dute erakusleihoak apaintzeko, eta horrek bizitasuna ematen dio herriari; lan txukuna egiten dute".

Gabonetan izango diren ekintzak

Abenduak 24, Gabon eguna

  • 11:00. Pausoka guraso elkarteak antolatuta, haurren kalejira.
  • 12:30. Ez Dot Moztuko Bizarrak taldearen eskutik hamaiketakoa.
  • 11:30-14:30. Artisauen eta bigarren eskuko produktuen azoka.
  • 18:30. Olentzeroren eta Mari Domingiren jaitsiera eta ekitaldia.

Abenduak 26, San Esteban eguna

  • 17:30. LH-1 eta LH-2koen lasterketa, 300 metro.
  • 17:45. LH-3 eta LH-4koen lasterketa, 500 metro.
  • 18:00. DBH-1etik aurrerakoen lasterketak, 2.500-5.000 metro.

Abenduak 31, Urtezahar eguna

  • 10:00. Deba bailarako pilota eskoletako Gabon-kopako finalak.

Urtarrilak 1, Urteberri eguna

  • 09:00. Arrolara irteera, eta salda eta txorizoa Lizargaraten.

Urtarrilak 2

  • 11:30-13:00 eta 16:30-19:00. Haur parkea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak