Myriam Perez Cazabon dantzari, koreografo eta irakaslearen –Neri(h)ari izenpean sortzen ditu bere ekoizpenak– eskutik, familientzako dantza ikastaroa antolatu Udalak, eta martxan da izen-ematea: 4 eta 99 urte arteko herritarrei zuzenduta dago, haurrak heldu batekin joan behar diren arren, eta egubakoitza, hilaren 13a, da izena emateko azken eguna, 13:00ak baino lehenago, udaletxean. Ikastaroa egiteko hamar pertsonako taldea osatu behar da gutxienez.
Hain zuzen ere, Udalak iazko abenduan abiatu zuen Gorputza da hitza egitasmoa, dantza garaikideari ez ezik, garrantzia emateko emakume koreografoei eta dantzariei; zenbait tailer antolatu ditu ordutik, eta hau da azkenekoa.
'Nunavut' ikuskizuna
Domeka arratsaldean, berriz, Neri(h)ariren eskutik, Nunavut ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da; proiektu kolektibo bat da. "Dantza garaikidea, soinu artea, arte plastikoa eta ipuin kontaketak batzen dituen proposamen hibridoa da", azaldu du sortzaileak, eta gaitzat, berriz: "Noiz utzi genion haur izateari? Noizbait utzi al diogu? Noizbait utziko al diogu? Nunavut behin izan gineneko lurraldea da, denbora izozturik mantentzen denekoa, glaziarrek betirako irauten dutenekoa".
18:30ean izango da ikuskizuna Torresoroan, eta publiko orori zuzenduta dago. Sarrera orokorrak 10 euroko prezioa du eta salgai daude dagoeneko.