Udalak adierazi duenez, "herrian mugikortasuna hobetzeko erronka handia" du, eta neurriak hartzen dihardu, horrenbestez. "Bizi baldintza hobeak eta kalitatezko mugikortasuna bermatzeko herritar orori, hilabete batzuk daramatzagu herrian mugikortasuna aztertzen, eta, ondorioz, Mugikortasun Planarekin lotuta dauden erabaki batzuk martxan jarri ditugu, oinezkoei presentzia handiagoa emateko eta protagonismoa berreskuratzeko". Hala, iragarri dute urrats gehiago egingo dituztela aurrerantzean, zenbait neurri zehatz zehaztu baitituzte datozen asteetan aktibatzeko.
Batetik, azaldu dutenez, Aiherra kaletik Kalebarrenerainoko bidean ibilgailuen zirkulazioa mugatu egingo dute, eta soilik oinezkoei zuzendutako gunea izango da. Bestetik, berriz, "ibilgailuen jarduera murrizteko asmoz", kamerak jarriko dituzte Mañarieta eta Buztinzuri auzoetan, ohartarazi duten arren araudia osorik zehaztu gabe dutela: "Kamerek matrikulen argazkiak aterako dituzte soilik, ez ditu grabazioak egingo, eta ibilgailuei bideratuta bakarrik egongo da".
Hain zuzen ere, urtarrilean onartutako 2024ko udal aurrekontuetan zehaztu zuten puntuetako bat da kamerena. Udal Gobernuaren arabera, orduko hitzak gogora ekarriz, "zirkulazio arauak kontrolatzeko" ezarriko dituzte, eta ordutegietatik kanpo dabiltzan ibilgailuei aterako dizkiete argazkiak; horretarako, aurrekontuetatik 25.000 euro bideratzeko erabakia hartu zuten.
Orain arteko neurriak
Orain arteko neurriei dagokienez, egindakoen artean, herriko erdigunetik aparkalekuak kentzea –Kalebarrengo iturriaren albotik–, "oinezkoen pasabidea errespetatzeko" loreontziak ipintzea –Buztinzurin, zehazki– eta Errekalden, GI-2636 errepidean, "oinezkoen segurtasuna hobetzeko" obrak aipatu dituzte: "Esan behar da herritar gehienek eskertu egin dutela". Are gehiago, neurri horiek "eragina" izan dutela erantsi dute.
Udalaren hitzetan, "klima aldaketaren urgentziak erronka atzeraezina" du, eta lanean jarraituko dute datozen urteetan ere: "Mugikortasun gaietan, egunerokotasunean ikusten ditugun hobekuntzetan baliabideak ipintzen, herritarrak ahalik eta egoera hoberenean bizi daitezen". Horretarako, bada, jakinarazi dute lanketa bat jarriko dutela martxan datozen hilabeteetan, "herritarrekin eta askotariko eragileekin" batera.