Bi ikastetxe daude Aiherran, baina elebidunak dira biak, eta hainbat aihertar dira, horrenbestez, inguruko herrietako ikastoletara joaten direnak, osorik euskaraz ikasi nahian. "Haur andana ibiltzen da Aiherra ondoko ikastoletan; orotara, 33 aihertar: 23 Hazparneko Ezkia ikastolan, zortzi Donamartiriko Arberoa ikastolan eta bi Lekorneko Baigura ikastolan", adierazi du Jean Mixel Barbier aihertarrak. Kasu honetan, bada, Ezkia ikastolaren aldeko kantaldi bat egingo dute abenduaren lehenean.
Denen Etxean izango kantaldia, 15:30etik aurrera: lehendabizi, Ezkia ikastolako 135 ikasleen txanda izango da, Otxalde taldearen kantak abestuko baitituzte; eta zazpi partaidez osatutako Otxalde taldeak hartuko die, ondoren, lekukoa; taldearen kideetako bat da, gainera, Maitexa Duhalde aihertarra. Amaitzean, gurasoek prestatutako taloak izango dira salgai.
Txartelek 10 euroko prezioa izango dute aurrez erosiz gero, 12 urtetik gorakoentzako herritarrentzat; tokian bertan, berriz, 12 eurotan egongo dira eskuragarri.