Mendi Astea ospatuko dute antzuolarrek, beste urte batez, datorren astean, Arrola Mendizale Elkarteak antolatuta. Hilaren 13an izango da lehen ekintza, datorren eguaztenean, Kharut 2, tontor birjina dokumentalaren emanaldia izango baita egileen solasaldiarekin batera, 18:30ean, Torresoroan. Vicente Barcena eta Koldo Zubimendi mendizale erandiotarrak dira, hain zuzen, lanaren egileak, eta Asiako Karakorum mendilerroko Kharut II gailurrerako bide bat zabaldu zuten iaz, 2019tik horrekin amesten aritu ondoren: bada, han bizitakoak bildu dituzte lanean, eta hori izango dute gogoan aurkezpenean.
Hilaren 16an, berriz, zapatuan, egun osoko egitaraua izango da: mendi irteera egingo dute lehendabizi, eta, horretarako, 10:00etan aterako dira parte-hartzaileak Herriko Plazatik. Eginiko esfortzuak, gainera, saria izango du, baba-jana izango baita Gaztelu Gain elkartean bazkaltzeko orduan.
Bazkaria bertsolariekin
15 euroko prezioa du bazkariak, eta domekara arte –hilak 10– dago izena emateko aukera. Ondoren, gainera, bertso saioa izango da, hiru bertsolarirekin: zehazki, Unai Izagirre azkoitiarra, Ane Beloki legazpiarra eta Eneko Araiztegi segurarra arituko dira bertsotan, herriko gai-jartzaile batekin alboan.