Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka izenpean, martxan da Errigorako saskiak eskatzeko kanpaina, eta bada horretarako aukera Antzuolan ere, Itzar liburu-dendan eskuorri bat betetzea nahikoa baita horretarako. Alabaina, egun gutxi gelditzen dira eskaera egiteko, hilaren 14a baita azken eguna.
Horrez gainera, online eskatzeko aukera ere badago; errigora.eus webgunean sartu behar da horretarako.
Hiru saski aukeran
Saski beltza, berdea eta gorria daude aukeran; hurrenez hurren, 55, 65 eta 75 euroko prezioa dute. Nafarroako produktuz osatuta daude, eta tartean daude piperrak, zainzuriak, lekaleak, edari alkoholdunak eta gozoak. Saski bakoitzak dakartzan produktuak zeintzuk diren jakiteko, ordea, webgunean dago informazio zehatza.