Altxorraren bila, kondairak eta beldurrak erretzea, gau beltzean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 29a, 15:13

Gau beltza, artxiboko irudi batean.

18:00etan hasiko dira haurrentzako ekintzak, eta ekitaldia egingo dute 19:10 aldera, Herriko Plazan. Arropa zaharrak janzteko deia egin dute antolatzaileek.

Halloween jaiaren izaera anglo-saxoia, hein batean, albo batera utzi eta Euskal Herriko ohiturei bide emateko asmoz, antzuolarrek gau beltza ospatuko dute lehen aldiz eguenean, hilaren 31n: "Sormen batzordean atera zen iaz ideia, baina ez genuen aurrera egin; aurten, ordea, bai: gau beltza ospatuko dugu", adierazi du Jone Larrañagak, Antzuolako Udaleko kultura teknikariak.

Udalak, Idolaz Aisialdi Taldeak, Helburu Akademiak eta Bergarako Musika Eskolak antolatu dute elkarlanean jaia, eta arratsaldeko seietan hasiko da, umeentzako altxorraren bila egingo baitute Herriko Plazan. Ondoren, berriz, 19:00etan, hilerritik kalejira egingo dute kaleraino, norberak etxetik eramandako kandelekin. Amaitzeko, ekitaldia egingo da Herriko Plazan, 19:10 aldera.

Ekitaldia, eguneko protagonista

Txalaparta doinuek emango diote hasiera ekitaldiari, eta Bergarako Musika Eskolako haurren txanda izango da ondoren, pare bat kanta abestuko baitituzte. Mila Etxezarreta herritarrak, berriz, txikitan kontatzen zizkioten kondaira batzuk azalduko ditu, eta azkenik, hala nahi dutenek, beldurrak erreko dituzte sutan. Horretarako, Larragañaren hitzetan, itzali egingo dituzte plazako argiak, eta Mikel Laboaren Baga, biga, higa kantak girotuko du ekitaldia. Are gehiago, 20 kilo gaztaina banatuko dizkiete haurrei ekitaldiaren amaieran.

Hala, antolatzaileek arropa zaharrak janzteko deia egin diete herritarrei, Halloween jaiaren "kutsu kontsumistari" iskin egiteko; aldi berean, aurpegia estaltzeko edo margotzeko proposamena ere egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak