Erregional Preferentetik jaitsi ondoren, Lehen Erregional Mailan arituko da oraingoan gizonezkoen AKEko taldea. Aitor Aierbek (Azpeitia, 1989) jarraituko du entrenatzaile, eta alboan izango du Unai Murgiondo antzuolarra, bigarren entrenatzaile. Bihar jokatuko dute denboraldiko lehen partidua, Eztalan, 16:30ean, Urkiren aurka.
Nola begiratzen diozue datorren denboraldiari?
Ilusioz. Kategoriaz jaitsi ginen iaz, baina jokalariek jarraitu egin dute, eta taldeari dagokionez, beraz, ez dugu aldaketa handirik nabaritu. Ea gauza politak egiteko aukera daukagun.
Ba al daukazue helbururik?
Aurreko urtean baino partidu gehiago irabaztea, lehiakorrak izatea edo garaipenetik gertu ibiltzea. Hori saiatuko gara egiten, eta hori izango da, zelanbait, dinamika; baita entrenatzen ari garen moduan jarraitzea ere.
Abuztuaren 20an hasi zineten entrenatzen; nola joan dira?
Lehen Erregionala irailaren bukaeran hasten da, eta, beraz, eman digu denbora ondo preparatzeko. Bost aste inguru egin ditugu denboraldiaurrean, eta bost lagunarteko jokatu ditugu; entrenamendutzat hartu ditugu asko, eta liga gerturatu ahala gauzak hobetu egin ditugu.
Nola daude jokalariak?
Gogoz. 18-20 lagun gabiltza entrenatzen, eta askotariko ariketak-eta lantzeko kopuru ona da.
Eta zu zeu?
Gustura. Iaz aipatu nien segitzeko prest nengoela, blokeak jarraitzen bazuen, behintzat. Hobe da goiko mailetan egotea, baina ez da drama bat behera jaistea, gauzak ondo egiten jarraituz gero. Nahiz eta jaitsi, jokalari ia guztiek jarraitu dute, eta hori izan daiteke zerbait ondo egiten den seinale.
Zeintzuk dira aurreikuspenak Urkiren aurkako partidurako?
Eztalan gogorrak izan behar dugu, faboritoak; betiere, ondo eginez gero gauzak.
Taldearen nolakotasuna
AKEko gizonezkoen taldea, Lehen Erregional Mailan.
Aierbek hirugarren denboraldia du AKEn, eta jarraipena egiten ari zaio taldeari, jokalari batzuek futbola utzi arren blokea mantendu egin baita. Badaude itzuli direnak ere, hala nola Iker Gardoki, Ander Aranburu eta Beñat Kortabarria antzuolarrak: "Hori nabaritu egingo da: Preferente Mailarako nahiko beteranoak dira; Eztalako muskulua indartu egingo da".