Euskal Herriko parke naturalak ezagutzeko proiektua martxan du Arrola Mendi Taldeak urte hasieratik, eta Urbasa-Andia ingurura bisita egiteko aukera izango da datorren zapatuan, irailaren 14an, irteera antolatu baitute; egun pasa izango da, eta 08:00etan aterako dira autobus geltokitik Nafarroara joateko. Halere, aurrez izena eman beharra dago. Ibilbideari dagokionez, 18 kilometro ditu, eta 600 metrokoa da desnibela. Hemen xehetasun gehiago.
Urriaren hasieran, berriz, hilaren 5 eta 6an, Pirinioetara antolatu dute irteera; iaz ziren egitekoak, baina bertan behera gelditu zen eguraldi txarrarengatik. Hain justu, urriaren 5ean, zapatua, izango da irteera Antzuolatik: Lizarandik irten eta Gabarditoko aterpera egingo dute txangoa, gaua bertan pasatzeko; bigarren egunean, berriz, Selva de Oza izango dute helmuga. Federatuek 55 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatuta ez daudenek, 75 euro. Irailaren 27a da izena emateko azken eguna.