Meaka-Irimo herri plataformak Trekutz parke eolikoaren aurkako urratsak egiten jarraitzen du, eta, hala, hori gogoan antolatu du Trekutz Eguna. 09:00etan ekingo diote egunari zapatuan, Trekutzerantz abiatuko baitira, Herriko Plazan elkartuta: mendi ibilaldia egingo dute Irimoraino, eta bitarte horretan proiektuaren eraginaz jardungo dute, hala nola parke eolikoaren azpiestazioa eta bi erroten kokapena azalduz. 11:30ean, berriz, ekitaldi nagusia egingo dute Irimon, eta ez dute hutsik egingo txalapartak, adarrak, bertsoek eta aldarriek.
12:30ean toka eta bola-joko txapelketa egingo dute Gaztelugain elkartean, eta herri bazkariak hartuko du lekukoa 14:30ean. Antolatzaileen hitzetan, 150 tiket inguru saldu dituzte, eta eurek egingo dute bazkaria: entsalada, babarrunak eta jogurta; are gehiago, nabarmendu dute produktu guztiak direla inguruko ekoizleenak. Hala ere, tiketik gabe ere bazkarira joateko aukera dago, nork berea eramanez gero. Amaitzeko, bertso saioa ez ezik erromeria ere izango da, Astiazaran eta Narbaizarekin; gauean, berriz, Antzuolako Harrikada taldearen kontzertua izango da gaztetxean.
Eguraldi txarra eginez gero, eskolako patioan egingo dira bazkaria eta erromeria.
Erantzunaren zain
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren erantzunaren esperoan da Meaka-Irimo plataforma, Udalak zein herritarrek jarritako alegazioei erantzuna ematea baitagokio. "Abuztuaren amaieran-irailean izan zitekeen, baina ez daukagu berririk; horren zain gaude datozen urratsak erabaki ditzagun".