GI-632 errepidean, Errekalde auzoan, lanak egiten aritu dira azken asteetan Orsa enpresako langileak, ibilgailuen abiadura "oso handia" zela antzeman baitzuen Antzuolako Udalak, eta, ondorioz, horrek oinezkoengan eragina izan zezakeela, bidea gurutzatu behar izaten baitute Lazaretoa zegoen eraikinaren eremuan eginiko aparkalekura eta alboko parkera joateko. "Ibilgailuen abiadura jaistea izan da helburua oinezkoak errespetatzeko, Errekaldeko obren ondoren –otsailaren amaieran bukatu zituzten, gutxi gorabehera– argi ikusi baikenuen arriskutsua izan zitekeela eremu hori auzotarrentzako zein industriagunera doazenentzako. Hala, lehentasunetan sartzea erabaki genuen", adierazi du Aritz Igeltzek, Hirigintza zinegotziak.
Haren hitzetan, Udalaren erabakia izan da lan horiek egitea. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako saileko arduradunekin batzartu ziren, arazoa nola bideratu zezaketen erabakitzeko, eta eurekin batera adostu zuten zehaztutako lanak egitea: "Errepidean zeuden oinezkoen babesguneei zabalera handiagoa eman diegu –errepidea estutuz, aldi berean–, oinezkoen pasagunea egokitu dugu, 42 pibote jarri ditugu eta lurra margotu dugu". 46.000 euroko aurrekontua izan dute hori guztia egiteko, eta %70 dirulaguntzei esker ordaindu dute.
Oinezkoentzako bidea
Era horretan, Igeltzek azpimarratu du seguruagoa dela orain errepidea hura igaro behar duten oinezkoendako: "Beharrezkoa ikusten genuen errepidea gurutzatzeko oinezkoendako pasagunearen erdian deskantsu moduko oinezkoen babesgune bat egitea; hori gabe bazirudien errepide osoa alde batetik bestera gurutzatu behar zela jarraian, behartuta". Haren arabera, egungo errepideak ez du lehengoarekin "zerikusirik", Errekalde auzoko eraberritze lanek aldatu egin dituztelako mugikortasun eta irisgarritasun ohiturak; adibidez, aparkalekuarengatik: "Orain, oinezkoek ere erabiltzen dute, eta horrek esan nahi du abiadura murriztu egin behar dela ezbeharrik suerta ez dadin".