Antzuolako plazara esprinta ikustera bertaratu direnek datorren urtera itxaron beharko dute, Caja Ruraleko Alex Diazek eta Iker Perezek ezin lasaiago egin dituztelako azken metroak, gozatuz, eta elkarri keinuak eginez. Txaloak entzun dituzte ikusleen partetik, eta Perez izan da, Diazen baimenaz, helmuga lehenengo gurutzatu duena. Minutu eta erdiko abantaila zeukaten hurrengo taldetxoarekiko –Jorge Galvez, Pablo Ara eta Jhoffre Imbaquing0– eta gozatu ederra hartu dute. Eta esprintak ondoren etorri dira, hemen 50. postua ere lehiatu egiten delako.
Hala, antzuolarrek zazpigarren postuan helmugaratzen ikusi dute Unax Errasti (Eibar) herrikidea, eta honek bai, honek esprinta irabazi dio Lilian Bernati. "Etxean lehiatzea beti da berezia, eta maila honetan orain arteko lasterketa onena egin dut, dena atera zait ondo", zioen antzuolarrak GOIENAko mikrofono aurrean, koadrilakoak begira zituela. "Oñatirako lehenengo joan-etorria azkarra izan da, eta Deskargako lehenengo igoeran talde batekin aurrera egin dut, eta atzetik tropeleko onenak etorri direnean eurekin sartu ahal izan naiz eta aurrera egin dugu. Hori mesedegarria izan da bigarren igoeran ere talde horretan joateko eta talde horretan ordezkariren bat zeukaten gehienek, eta aukera handiak zeuden talde horrek helmugara arte irauteko. Hor bi Caja Ruralek –Diaz eta Perez– eta Telko batek –Pablo Ara– ihes egin digute eta hor erabaki da lasterketa, Antzuolara arteko bidea lasterketa apurtuta etorri da".
Unax Errastirekin batera Aimar Madina oñatiarra izan da lasterketak izan duen beste debagoiendarra, 21.a izan da helmugan. "Gustura geratu naiz, atzo Eibarren taldearendako lan egitea egokitu zen, eta han hartutako berotua hanketan somatu dut gaur Deskargan. Eguaztenean Zamorara noa bost eguneko itzulia egitera eta sentsazio on hauek lagungarriak dira konfidantzaz joateko", adierazi du.
Hemen lasterketaren sailkapena.