Trenbideko hormetako bat egonkortuko du Foru Aldundiak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko uzt. 17a, 10:08

Konpondu beharreko horma, Zumetazpikoa eta Laskurainandi baserrien artean. Irudia: Goiena.

Zumetazpikoa eta Laskurainandi baserrien artean dagoen horma da konpondu behar dena, 25 metro inguru baititu pitzadurekin. Gipuzkoako Foru Aldundia da arduraduna, eta Injelan SL enpresa arduratu da proiektuaz; jendaurrean da gaur egun.

Trenbideko hormetako bat egonkortzeko urratsak egiten hasia da Gipuzkoako Foru Aldundia Lizarraga auzoan, hainbat pitzadura baititu Zumetazpikoa baserriaren azpiko tunelaren eta Laskurainandi baserriaren artean dagoen hormetako batek; Diputazioak eginiko azterketaren arabera, zehazki, 70,5 metroko luzera du, eta 25 metro inguru daude pitzadurarekin eraginda; are gehiago, horma bide berderantz mugitzen hasia dela ere ohartarazi du, eta horiek guztiak konpondu beharra dagoela, beraz.

Informazio publikoko epean dago proiektuaren memoriaren dokumentua, hala nahi duenak erreklamazioak egin ditzan eta lanek eragina izango duten lurretako jabeek ohartarazpenak jaso ditzaten: labur.eus/J3f2A.

Egiteko lanak

Injelan SL enpresa arduratu da egonkortzearen proiektua gauzatzeaz, eta honako neurri hauek zehaztu ditu: batetik, horma egonkortzea aurreikusten du ainguraketa iraunkorraren bidez; bestetik, drainatzean jarri du arreta ur-fluxuak biltzeko, hormaren azpian bi hustubide izango dituen arekarekin eta ubiderainoko uren kanalizazioarekin; horrez gain, amaitutakoan, lanen ondorioz kendutako elementu guztiak berritu egingo ditu, eta obra eremua garbitu; argiztapenaren kanalizazioaren hodi berria instalatuko du, aldi berean. Ez dago zehaztuta, ordea, noiz hasiko diren lan horiek, baina hiru hilabetekoa izango da gauzatze epea. Bitartean, oinezkoek eta txirrindulariek debekatuta izango dute eremu hartatik igarotzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak