Artistendako zein entzuleendako egokiagoa den musika kioskoa dute orain Antzuolan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko uzt. 7a, 20:49

Antzuolarrek Amustei eta Lemak taldeen zuzeneko emanaldiekin inauguratu dute eraberritua izan den Zurrategiko kioskoa. Eguraldia lagun, hainbat lagun elkartu dira musikaz eta espazio berriaz gozatzera.

Iragarritako orduan, 19:00etan, hasi da Amustei talde bergararraren emanaldia. Eguraldi goxoa eta argia izan dute antzuolarrek eraberrituko kioskoaren inauguraziorako eta horrek jendea gerturatzea ekarri du. Bete egin dira inguruko tabernetan mahaiak eta kiosko aurreko aldean ere jendea pilatu da.

Lanak amaituta

Apiril amaieran hasi zituen Udalak Zurrategiko kioskoa eraberritzeko lanak. Guztiz amaituta daudela esan du Olatz Lezeta alkateak. "Oso gustura gaude zelan gelditu den. Azkenean, asmoa zen erabilera anitzeko espazio bat sortzea eta lehen ez bezala espazio irekia da orain eta alde batera zein bestera egin daitezke emanaldiak. Kendu egin ditugu inguruan zituen loreontziak eta horrek ere gehiago bistaratzen du eszena hori".

Ebaki bat egin diote kioskoari jatorrizko eskaileretan espazio erabilgarriagoa izan dadin, eta bederatzi metroko ahoa duen agertoki bat du plazarantz eta lehengo loreontzien lekuan jarri eta kendu daitezkeen barandak instalatu dizkiote. Toldoak ere baditu kiosko eraberrituak eta gaur jarrita izan ditu horietako batzuk.

Hainbat ekitaldi egiten dituzte antzuolarrek Zurrategiko kioskoan. "Egia esan, herrian ez dago beste eszenarik, eta askotan erabiltzen den espazioa da, bai".

Lanek 120.000 euroko inbertsioa izan dira, eta egindako eraberritze lanak eragina izango du baita ere jaietan. "Orain arte oholtza jarri ohi izan da Zurrategin egoten den txosnagune kontzertuetarako eta aurten asmoa da kontzertu horiek kioskoan egitea. Ikusiko dugu zelan irteten den", esan du alkateak. .

Amustei eta Lemak inauguraziorako

Kiosko berrituko lehen kontzertua Amustei eta Lemak taldeek egin dute. Amusteik jo du lehenengo eta ondoren heldu da Lemak.

Amusteiko kideek ekainaren hasieran kaleratutako Bizi zauri bizi, bi lore txiki, bi harribitxi izeneko laneko piezak jo dituzte, gehienbat.

Lemak taldeak ere berriki atera du disko berria eta Bergaran eta Zumarragan aurkeztu badute ere lehen aurkezpena izango da Antzuolan. Aurreko diskoetako kantuak ere jo dituzte, noski.

Hurrengo domekarako beste bi emanaldi daude aurreikusita Zurrategiko kiosko eraberrituan; Ki.imak eta Azkarter Pelox arituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak