Txukunketa lanak egiten aritu dira Azaldegietan auzolanean, iazko abenduan ohartu baitziren autoek atsedengunea "txikitu" egin zutela, Juan Kruz Lizarralde Udaleko Ingurumen zinegotziaren hitzetan. "Astakeria" hura saihestu zedin zer egin pentsatzen aritu ziren, eta hesiak jartzeko erabakia hartu zuten: "230 metro inguru hesi jarri ditugu; itxitura. Zati bat alanbrearekin eta bestea egurrarekin, ez dadin hain takarra izan". Horrez gain, mahaiak berritu dituzte, lehenik zeudenen euskarriak konponduta eta egur berriak jarrita. "Hiruzpalau domekatan egin ditugu lanak; lan txiki batzuk egitea falta da egunotan, bizpahiru orduz, baina uste dut nahiko txukun gelditu dela eremua".
Hain justu, atsedengunea – mahaiak eta iturria dauden lekua– hesitu egin dute egurrarekin eta behealdea, berriz, alanbrearekin; han daude otsailean landutako zuhaitzak, eta ingurune hura babestea ezinbestekotzat jo du Lizarraldek, behorrak-eta ez daitezen sartu eta ez dezaten ingurua zapaldu. "Zuhaitz batzuk, ordea, galdu egin dira. Banbuz eta kartoi ekologikoz eginiko babesak jarri genizkien, baina euriarekin eta haizearekin okertu egin dira; agian, kendu egin beharko dizkiegu".
Era horretako beste lan batzuei dagokienez, gaineratu du Trekutzen "momentuz" ez dutela horrelakorik egiteko asmorik, parke eolikoaren proiektua dela eta. Gorlazurin, berriz, konponketaren bat egitea du buruan, baina zehazteko dago.
Errespetatzeko deia
Lizarralderen hitzetan, "errespetu faltarengatik" egin dituzte lan horiek, ibilgailuek ingurunea hondatzeagatik. "Hori nabarmentzekoa da: Azaldegietan ez bada, Arrolan da, eta Arrolan ez bada, beste nonbait da: autoak eta motorrak nonahi ibiltzen dira, eta salatu egin behar da hori". Hala, ingurune naturala errespetatzeko eskatu die ibilgailu horien erabiltzaileei, "ibili daitezela markatutako bideetatik, hala ezean sekulakoak egiten baitituzte".
Egun-pasa irailean
Herritarrendako, horrenbestez, erabilgarri dago Azaldegieta. Hala ere, Lizarraldek iragarri du inaugurazio festa bat egiteko asmoa duela Udalak, eta eguna ere zehaztuta dutela: irailaren 22a, domeka. "Ekitaldi xumea izango da: asmoa da bazkari bat eta erromeriaren bat-edo egitea, zehaztu gabe dugun arren egitaraua".