Herriko bandera eta gutuna jasoko ditu Jose Luis Elkorok

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko uzt. 3a, 13:05

Jose Luis Elkoro Unamuno bergararra, artxiboko irudi batean. Irudia: Goiena.

EH Bilduk alde eta EAJk aurka bozkatu zuen, eurek eginiko aldaketa proposamen bat ez baitzuen onartu Udal gobernuak.

Herri gutuna eta herriko bandera jasoko ditu Jose Luis Elkoro Unamuno bergararrak irailaren amaieran, Mikel Zubimendik idatzitako Han egon zen. Jose Luis Elkoro, bizitza bete bat liburuaren aurkezpenean, herri bezala Elkorori "zerbait berezia" egiteko asmoa baitu udal gobernuak.

Elay eta Oerlikon enpresak sortzeko eginiko urratsengatik jasoko ditu oroigarriak, "horrek Antzuolari emandako aberastasunarengatik eta Antzuolaren izen ona munduan zabaltzeagatik". Are gehiago, eremu horietan euskararen auziak izandako garrantzia ere azpimarratuko dute ekitaldian: "Zenbait antzuolar euskaldundu dira bertan, horrek Antzuolarendako eta gure hizkuntzarendako izan duen garrantziarekin".

Erabakia, osoko bilkuran

Pasa den eguenean, ekainaren 27an, eginiko osoko bilkuran hartu zuten herriko gutuna eta herriko bandera emateko erabakia, EH Bilduren aldeko sei botorekin –Aritz Igeltz falta zen– eta EAJren aurkako laurekin. Josu Xabier Aranguren EAJko bozeramailearen hitzetan, "ados" zeuden adierazpenean aipatutakoekin, baina soilik Antzuolari eginiko ekarpena nabarmentzeko eskaria egin zuten, paragrafoetako batean aipatzen baita "Euskal Herriko alkate erreferenteena" izan zela Elkoro, eta "gure herriaren eta bakearen aldeko lanean, zubigintzan egindako lana ere eredugarria" izan dela.

Proposamena, ordea, ez zen onartua izan, eta, beraz, ezezkoaren alde egin zuten jeltzaleek. "Pena da EAJren ezezkoa, aurrez haiekin egon eta helburua aho batez erabakitzea baitzen", azaldu du Olatz Lezeta Antzuolako alkateak. Haren arabera, aurrez jakinarazi zitzaien jeltzaleei aldaketaren bat eginez gero aurrez proposatzeko, Udal Gobernuak azter zezan, baina ez zuten horrela egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak