San Martzialgo jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan, bihar eta etzi, Lizarragako auzotarrek, eta berritasun bat izango dute aurten, bi auzoren arteko desafioa egingo baitute domeka arratsaldean, 18:00etan hasita. "Zerbait antolatu behar genuen, gauza ezberdinak egin ohi direlako domeka arratsaldean, eta auzoen arteko desafioa egitea otu zitzaigun. Kalebarrengoengana jo genuen, antolatuta baitaude; gainera, gainontzeko baserri-auzoetakoekin egitea ia-ia ezinezkoa da, ez dagoelako jende askorik parte hartzeko eran", azaldu du Onintza Legorburuk, San Martzialgo Jai Batzordeko kideak.
Hain justu, bospasei auzotar elkartuko dira auzo bakoitzetik elkarren aurka egiteko desafioan; gehienak gazteak izango dira, baina zaharragoek ere parte hartu nahi izanez gero ez dago arazorik, Legorbururen hitzetan. Elkarrekin bazkalduko dute, lehendabizi, San Martzialen, eta, ondoren, jokoan hasiko dira. "Hiruzpalau egingo ditugu, zehaztu gabe dauden arren: kaskara batzea, aulki jokoa, zaku lasterketa, zapia batzera...". Hala, auzoen –eta auzotarren– arteko harremana bultzatzea dute asmoetako bat.
Bestelako ekintzak
Jaietan izango diren gainontzeko ekintzei dagokienez, ez da apartekorik izango, ohi direnekin osatu baitute egitaraua. Plater jaurtiketako probekin ekingo diete festei bihar goizean, arratsaldean izaten baita lehiaketa, eta umeen krosa, txokolate-jana, herri afaria, erromeria eta su artifizialak izango dira ondoren.
Etzi ere ohiko ekintzak izango dira jaietan, desafioaz harago: egunsentikoa txistulariekin, San Martzialgo txirrindularitza igoera, meza eta salda, dantza saioa, herri bazkaria, erromeria, urdaiazpikoaren zozketa eta jaien amaiera suziriekin.
Bi eguneko egitaraua izango da jaietan
Ekainak 29, zapatua
- 11:00 Plater jaurtiketarako probak.
- 16:30 Herri mailako plater tiroketa.
- 17:00 Umeen kros txapelketa.
- 18:00 Txokolate-jana eta kroseko sari banaketa.
- 21:00 Herri afaria; ondoren, erromeria Astiazaran eta Narbaizarekin.
- 00:00 Suzko erruberak eta izozkia.
Ekainak 30, domeka
- 11:00 Egunsentikoa txistulariekin.
- 11:30 San Martzialgo igoera.
- 12:00 Meza; ondoren, salda eta luntxa jubilatuentzat.
- 13:00 Txirrindularitzako sari banaketa.
- 13:30 Dantza saioa.
- 14:30 Herri bazkaria; ondoren, erromeria Astiazaran eta Andonegirekin.
- 18:00 Desafioa Lizarraga eta Kalebarren artean.
- 19:30 Urdaiazpikoaren zozketa.
- 21:00 Jaien amaiera suziriekin.