20:00etan hasita, arbola jasoko dute lehendabizi Herriko Plazan udaleko ordezkari eta langileetako batzuek, baina laguntzaile izango dituzte hainbat herritar ere, soketatik tiraka. Ondoren, berriz, Oinarin dantza taldeko kideen txanda izango da.
San Juan zortzikoa dantzatuko dute dantzariek arbolaren inguruan, eta baita soka dantza ere, herritarren bat omentzearekin batera. Gaueko hamarretan, aldiz, San Juan sua egingo dute Herriko Plazan.
Iritsitakoei ongietorria
Horrez gain, ongietorria egingo diete atzerritik etorri berriak diren herritarrei. Udalak 24 laguni bidali die ekitaldian parte hartzeko gonbidapen-gutuna, baina, gaur-gaurkoz, ez dakite zenbatek hartuko duten parte, normalean "gutxi" agertu ohi direla nabarmenduta. Hala ere, udal ordezkariek hitz batzuk esateaz gain, Oinarineko dantzariek agurra dantzatuko diete elkartzen diren guztiei.