Komunikazio "argi, eraginkor, bateratu eta zirkularra" garatzeko asmoa du Antzuolako Udalak udazkenean, eta, horretarako, galdetegi bat zabaldu du herritarren artean, euren komunikazio ohiturak ezagutzeko eta udalaren komunikazioa nola hautematen duten jakiteko.
Ekainaren 30era arte, domeka, izango dute herritarrek galdetegia betetzeko aukera, liburutegian inprimakia eskatuta edo online. 12 urtetik gorakoek dute parte hartzeko aukera, eta guztiz anonimoa dela jakinarazi du Olatz Lezetak, Antzuolako alkateak. Hala, herritarrei parte hartzeko deia egin die, "jakitun" direlako udalaren aldetik ez dutela "komunikazio bateratu eta sistematikoa" jasotzen eta hori aldatzeko komunikazio estrategia garatu beharrean daudela.