Mugiment txartela eskuratu dezakete Antzuolako gimnasioko abonatuek aurrerantzean, sare horretan dauden Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste kirol instalazio batzuk erabiltzeko aukera izan dezaten.
Horretarako, Mugiment KTX aplikazioa deskargatu behar da sakelako telefonoan, eta datu pertsonalak bete behar dira erreferentziazko zentrotzat Antzuolako udal gimnasioa aipatuz. Hala, erregistroaren jakinarazpena jaso ondoren, txartela erabili daiteke gainontzeko kirol instalazioetan, txartel digitala eta nortasun agiria erakutsiz harrerako langileei. Sakelako telefonorik izan ezean, berriz, abonatu txartela eta nortasun agiria aurkeztu daitezke.
Uztaileko ekintzak
Uztailaren 1etik 16ra eskaintza berezia izango da gimnasioan: crosffit saioak izango dira 8-12 –astelehen eta eguaztenetan– eta 12-16 –martitzen eta eguenetan– urte arteko gazteendako; helduendako, berriz, body tono –uztailak 1, 8 eta 15– eta ibilketa nordikoa –uztailak 2, 9 eta 16–. Izena aurrez eman behar da udaletxean.