Gaztetxearen urteurren festa ospatuko dute bihar

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko eka. 7a, 08:37

Eguna antolatzen ari den taldea, eguazten arratsaldean, gaztetxe kanpoan. (Argazkia: Antzuolako Gazte Asanblada).

Bihar, zapatua, izango da urteurreneko festa eta herri bazkarirako 50 lagun inguru elkartuko dira. Gaueko kontzertutarako jende gehiago espero dute eta antolatzaileek adierazi dute egunerako atera dituzten kamisetek oso erantzun ona izan dutela, 100 inguru salduta.

Antzuolako gaztetxeak hainbat etapa izan ditu eta azkenekoz horren kudeaketaren ardura hartu zuen taldeak erabaki du orain urteurren festa ospatzea. Hauxe azaldu du Gazte Asanbladako kide Irati Lizarraldek: "Zehazki ez dakigu zenbat denbora pasa den hasi ginenetik, baina Asanbladan komentatu genuen zerbait egin behar genuela, hasi ginenetik ez dugulako Gaztetxe Egunik edo halakorik antolatu. Biharko data hau jarri dugu, hala, hurrengo urteetarako ere eguna zehaztuta izateko, ospakizuna egiteko". 

Oraingo jarduna 

Azkenaldian, gaztetxearen kudeaketa herriko gazte talde batek darama. Hamabost pertsona inguru dira normalean bi astean behin elkartzen direnak –nahiz eta taldean 35 lagun inguru izan–. 18 urtetik hasi eta 25 urte bitartean dituzte, gehienak neskak, nahiz eta mutil batzuk ere badauden. Eta hilabetero kontzertu bat antolatzeaz arduratzen dira –nahiz eta astean zehar bertso eskola eta txalaparta saioak ere izaten diren gaztetxean–. 

Orain artekoaren balorazio positiboa egin du Lizarraldek, baina azkenaldian jende gutxiago dabilela dio: "Hasieran oso harrera positiboa izan zuen herrian gaztetxeak, sekulako erantzuna izan zuelako. Baina egia da denbora aurrera joan den heinean geroz eta jende gutxiago etortzen hasi dela. Hasieran gehiago etortzen ziren, agian booma izan zelako, eta orain badakite hor dagoela eta jendea ez da askorik gerturatzen. Gainera, izan diren lapurreten kontuak ere kalte handia egin digu eta desmotibaziora ere eraman gaitu momentu batzuetan, baina orain berriro motibatuta gabiltza, neurriak ere hartu ditugulako". Dena den, edozein herritarrek taldera batu nahi badu ateak zabalik dituela gaineratu du. 

Biharko festa 

Egitarau hau prestatu dute biharko: 12:30ean karro-poteoa egingo dute Kalebarrenen; 14:30ean herri bazkaria egingo dute frontoi txikian –50 lagunendako txartelak saldu dituzte–; bazkalostean Edu Zardoyaren kontzertua izango da; eta, 22:00etan hasita, gaztetxean bertan kontzertuak emango dituzte Kontralde, Kaparrak eta Oihu taldeek eta DJ Artzek. Urteurrenerako egindako 100 kamiseta saldu dituzte. 

Aurrera begira, uda ostean erabakiko dute aurrerantzean zer eta noiz antolatu, gaztetxeak orain baino gazte gehiago erakartzeko asmoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak