Herrian errotutako ospakizunetako bat da AKE eguna, ehunka lagun batzen baitira, eta badirudi horrela izango dela aurten ere, Jokin Arantzabal AKEko lehendakariak azpimarratu baitu 420 herritar inguru bilduko direla biharko herri bazkarian: "Azken orduko aldaketa batzuk salbu, dena dugu prest biharko egunerako".
Ezustekoei dagokienez, jakinarazi du azkenean ez dutela futbol partidurik egingo, eta, beraz, karro-poteoarekin hasiko dutela eguna, 12:00etan, Okaldin. 14:30ean, berriz, herri bazkaria egingo dute, eta, ostean, sariak banatuko dizkiete jokalari batzuei: "Bizpahiru omenaldi ere egingo ditugu, baina sekretua da bazkalostera arte". Azkenik, Elektro Txufla elektrotxarangak alaituko du giroa. "Egun honetaz gozatzeko, herritarrak gonbidatzen ditugu gorriz janztera, herria gorritu dadin".
Ikasturtearen balorazioa
Lehen Erregional Mailan jokatuko du datorren denboraldian Antzuolako gizonezkoen taldeak, mailaz jaitsi baitira Gorengoen Mailatik. "Kolokan egon dira azken urteetan, eta, azkenean, oraingoan iritsi da jaitsiera. Hala ere, espero dugu jokalari gehienek jarraitu nahi izatea taldearekin jokatzen".
Futbolari gazteagoen taldeei dagokienez, kadete mutilak, esate baterako, Preferente Mailara igo dira, eta neskak, berriz, bergararrekin batera, txapeldunordeak izan dira. Infantiletan ere "ondo" aritu direla azpimarratu du Arantzabalek, eta futbol eskolaren balorazioa ere "ona" dela