Herriari "bizitasuna" emateko, bueltan dira Ondarreko jaiak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko maiatzaren 30a

Ondarre auzoko jaiak, 2015ean. Irudia: Goiena.

Bihar hasiko dira jaiak, Peña Aiastuik eta auzotarrek antolatutako ginkanarekin. Domekan, berriz, prozesioa egingo dute, Corpus egunaren harira.

Duela zortzi urte inguru antolatu zituzten azkenengo aldiz Ondarreko jaiak, eta, ordutik, ekintza solte batzuk salbu, ez dituzte ospatu. Hala ere, aurten, hiruzpalau auzotar elkartu dira festak errekuperatzeko asmoz, eta, aldi berean, baita herriari "bizitasuna" emateko ere. Hala, haien hitzetan, "herritar guztiei" zuzendutako egitaraua osatu dute, "haur, gazte zein helduek" goza dezaten.

Bihar hasiko dituzte jaiak. Umeentzako bizikleta ginkana egingo dute goizeko hamaiketan, Peña Aiastui elkartearen laguntzarekin; 17:00etan, berriz, Kiki, Koko eta Moko pailazoen ikuskizuna eta merienda izango dira. Iluntzean, helduagoen txanda izango da, AKE eguneko Elektrotxufla elektrotxaranga bukatutakoan Latxirongak DJak izango baitira musika jartzen; barra ere egongo da. Azkenik, prozesioa izango da domekan, 12:00etan; ondoren, dantza saioa, salda eta txorizoarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak