Irain motor klubak antolatuta, Ramon Aldasoro II. Trial Memoriala egingo dute bihar. Euskadiko Trial Txapelketaren parte da, eta laugarren aldia du, beste izen bat hartu zuen arren iaz. Izan ere, aurreko urtean hil zen Ramon Aldasoro Magunacelaya, trialaren antolatzaileetako bat, eta horregatik jarri nahi izan zioten haren omenezko izena kirol probari.
Lau kategoriatan banatzen da triala –TR1, gorria; TR2, urdina; TR3, berdea; eta TR4, horia–, maila bakoitzak kolore bana baitu, zailtasunaren arabera banatuta: horiak dira errazenak, eta hurrenkeran doaz gainontzeko guztiak. Horrez gain, alebinen, gazteen eta klasikoen kategoriak ere badaude. Parte-hartzaileek, beraz, euren mailaren arabera ematen dute izena. Halere, eguraldi txarra eginez gero "zaildu" egiten da egoera, lokatza-eta pilatu ohi delako inguruetan, basoa izango baitute, batik bat, topaleku.
Hamar gune egongo dira, guztira, eta parte-hartzaile bakoitzak bi buelta eman beharko dizkio bakoitzari. Zona bakoitzean, baina, ez da ibilbide bakar bat izango, maila bakoitzera egokitutakoak baizik. Guztien helburua, ordea, bera da: lurra hankekin ahalik eta gutxien ukitzea; ahal dela, ezin baita motorretik jausi, puntuazioa jaitsi egin daitekeelako. Hala, zenbat eta puntu gehiago eskuratu, orduan eta okerrago izango da, hanka lurrean jarri den seinale baita.
Egiaztapenak
15:00etan irtengo da lehen pilotua, Irainen, eta antolatzaileek aurreikusi dute 55-60 parte-hartzaile inguru egongo direla, orotara. Alabaina, horiek guztiek lehenago bertaratu beharko dute, 13:30ean egingo baitituzte egiaztapenak; alegia, segurtasuneko baldintzak betetzen dituzten egiaztatu beharko dute, esate baterako, motorrak nola dituzten begiratuta.
Klubeko kideak eta motorzaleak dabiltza antolaketa lanetan, baina laguntzaile dituzte, batik bat, Antzuolako Udala eta Goizper Group. Haiez gain, ordea, babesle dira Erreka, Epzoo Ate eta Automatismoak, Bergara Pneumatikoak, Leuntek, Jon Zuremoto, Amets Berezao Autoak eta Bikain Zentro Medikoa.
Jertseak eta kamisetak
Jertseak eta kamisetak izango ditu, gainera, estreinakoz, Irain motor klubak. Trialerako egin dituzte propio, eta, beraz, egunean bertan jarriko dituzte salgai erosi nahi dutenendako, Irainen bertan.