Hainbat lapurreta egin dituzte azken hilabeteotan Antzuolako gaztetxean, eta dozenaka neurri hartu dituzte horiek saihesteko; hala ere, ez dira aski izan, behin baino gehiagotan sartu baitira lapurrak. Beraz, azkenean, leihoetan barroteak jartzeko erabakia hartu du gazte asanbladak.
Udal eraikin bat izanik, Udalak jarri ditu barroteak; ez da, ordea, hartutako neurri bakarra izan. "Sarrerako atean ere beste aldaketa batzuk egingo dira, eta asanbladatik, berriz, barrualdean beste neurri batzuk hartzen hasita gaude", adierazi dute gazte asanbladako kideek. Neurri guzti horiekin "pozik" daude, eta espero dute horrela lapurretak ekiditea.
Salaketa, beste behin
Neurriak hartzearekin batera, gertaerak salatu dituzte beste behin: "Lapurretak egotea onartezina den ekintza bat da. Herriari musu-truk sortzen gabiltzan eskaintza kultural bat da gurea, baina behin eta berriz lapurretak egoteak gure lana oztopatzen du eta, aldi berean, motibazio eza ere sortzen digu". Hala ere, gertaerak gertaera, "motibatuta eta gogoz" jarraitzen dute herriari ekintza ezberdinak eskaintzeko, eta aurreratu dute gaztetxeko urteurrena izango dela ondorengoa.
Laster da urteurrena
Ekainaren 8an, zapatua, ospatuko dute gaztetxeko urteurrena, eta dagoeneko antolaketa lanetan dabiltza asanbladako kideak. Karropoteoa, herri bazkaria eta kontzertuak –Kontralde, Kaparrak, Oihu eta DJ Artze– izango dira egun horretan, baina aurrerago emango dute xehetasun gehiagoren berri.