Ez da urte erraza izan Aitor Aierbek zuzendutako taldearentzat, eta modu okerrenean amaitu du denboraldia: mailaz jaitsita. Denboraldia hasi eta zortzi jardunaldi behar izan zituzten gorritxoek lehenengo garaipena eskuratzeko, eta hori bera izan daiteke antzuolarren denboraldiaren laburpena. Hemeretzi jardunalditan bi garaipen soilik lortuta, bazirudien zaila izango zutela Aierberenek mailari eustea, eta hala izan da. Denboraldi amaieran izandako bolada onak –bost partida galdu gabe; hiru garaipen eta bi berdinketa– talde antzuolarrak urte osoan izandako helburua lortzera eraman zezakeela zirudien arren, etxeko lanak azkenengo orduan egin izana garesti ordaindu dute gorritxoek.
Datorren denboraldian, beraz, 1. Erregional mailan lehiatuko da Antzuola. Denboraldia amaituta, datorrenera begira jarrita daude jada, eta Gorengoen mailara itzultzeko ahalegin guztiak egingo dituzte antzuolarrek.