San Isidro eguna ospatuko dute bihar antzuolarrek. 09:30ean hasiko da azoka, eta ganadua izango da protagonista; aurten, gainera, beste aldietan baino baserritar gehiagok hartuko dute parte, hamabi baserritatik jaitsiko baitituzte abereak azokara. Hain justu, astoak, behiak, behorrak, zaldiak eta ardiak izango dira ikusgai, eta lehen aldiz, gainera, ahuntzak.
Horrez gain, erakusmahaiak eta jan-edanerako postuak ere izango dira: hamar ekoizle eta artisau etorriko dira Antzuola kanpotik, eta antzuolarrak, berriz, hamasei izango dira; tartean, baita aihertar bat ere gazta saltzen. 12:30ean, gainera, antzuolarren eta aihertarren gazta eta sagardoa dastatzeko aukera izango da: Udalak bi eurotan jarriko ditu basoak salgai, eta nahi adina edan ahalko da.
Bada ekintza berezi bat ere: hemendik aurrera, herriko jaietarako zapi berbera erabiltzeko hautua egin du Udalak, eta, beraz, herritarrek kolorea aukeratu ahalko dute goizean zehar, hautestontzi bat egongo baita.
Artzain txakur txapelketa
Artzain txakur txapelketa egingo dute Ibarreko zelaian, 16:30ean; lehenengo aldia du. Sei parte-hartzaile arituko dira lanean euren txakurrarekin eta artaldearekin batera, eta antzuolarrak dira bi: Javier eta Xabier Gastañaga aita-semeak.
San Isidro Txapelketa
San Isidro Txapelketako finala 19:00etan hasita jokatuko da: Naroa eta Laia Gastiainek Irati Benito eta Keltze Bikarregi izango dituzte aurkari; Maria Balerdik eta Larraitz Galardik, berriz, Nahia Sorondo eta Arhane Rey. 18:15ean, lau eta erdiko Gipuzkoako Txapelketako partidu bat jokatuko da, eta tartean izango dira Nagore Galeano eta Olatz Insausti antzuolarrak.