Irati Jauregi hernaniarrak ez ezik, Andoni Zabalo eta Irati Gardoki (Antzuola, 2000) herrikideek sortu zuten taldea, eta, orain, bi kide berri gehitu zaizkie: Beñat Kamio eta Xabi Elizegi. Gardokiren hitzetan, "topera" ibili dira azken asteetan entseatzen, eta, "urduri" egon arren, aurreratu du kontzertu "goxoa" emango dutela.
Gainean duzue diskoaren aurkezpena; zer aurkeztuko duzue?
Diskoan jaso ditugun abesti guztiak joko ditugu, eta baita bertsioak ere, jendeak ezagunagoak dituenak; izan ere, ez dut uste oraindik gure kantuak ezagutuko dituztenik.
Zazpi kantak osatzen dute lana.
Bai, hasierako asmoa diskoa ateratzea ez bazen ere. Estudiora sartu ginen, zelanbait, saltsan ibiltzeko, pare bat abesti grabatzeko, baina, azkenean, egin eta egin hasi ginen eta Ikerri [Lauroba] proposatu genion diskoa ateratzea: zortzi abesti grabatu ditugu, baina bat ez dugu sartu, horretarako unea ez zela uste baikenuen. Hala ere, txukun gelditu da lana eta badu esanahi bat guretako.
Zer jaso nahi izan duzue lan berri horretan?
Diskoa bukatu ondoren hasi gara kantak aztertzen, eta ohartu gara beti izan dugula presente zaintzaren alorra. Karena-k plazenta esan nahi du, eta hor da gure leloa: elkar aske lotzen garela, umea eta ama lotzen diren eran; bada, metafora hori darabilkigu gure artean. Are gehiago, hortik dator Loak irauteko diskoaren izena ere: azken batean, umea sabelean lotan dago, baina bizirik, eta hala egon behar du loak iraun dezan. Hala, nahi dugu bakoitzak bere zentzua ematea abestien hitzei, nork beretik uler ditzan.
Nolakoa izan da horretarako sorkuntza prozesua?
Batez ere, esperientzia berri bat izan da. Inoiz egon gabe geunden horrelako estudio batean, baina, aldi berean, oso gertukoa izan da; ez nuen horrelakorik espero. Ikerrek asko lagundu digu, asko ikasi dugu harengandik, eta erraza izan da grabaketa. Beste talde batzuek egin ohi duten eran, ordea, gure grabaketa ez da jarraitua izan: lehenengo abestia 2022aren amaieran grabatu genuen, eta, beraz, urtebete pasa egon gara grabatzen.
Nola sortzen dituzue abestiak?
Lehenengo, letrak egin izan ditugu Iratik eta biok; gehienak biok elkarrekin egindakoak dira, eta kuriosoena da Whatsapp darabilgula horretarako, etxean egiten ditugun estrofak elkarri bidaltzen aritzen baikara modu horretan.
Kolaborazioak ere izan dituzue.
Ikerri [Lauroba] proposatu genion abesti bat, eta baiezkoa jaso genuen. Debekuaren mugak bideoklipa atera genuenean ere pentsatu genuen beste emakume baten ahotsa sartzea ondo zela: Leire Etxezarreta arrasatearrari proposatu genion. Kattalinena izan da, berriz, azken kolaborazioa: Hernaniko (Gipuzkoa) neskatila bat da, Iratik ezagutzen zuena, eta pentsatu genuen guri ere ilusioa egingo ligukeela horrelako proiektu batean parte hartzeak adin eta gogo hori izango bagenu.
Nolako harrera izan du lanak?
Batik bat, bideoklipak izan du harrera handien, baina gainontzeko abestiek ere harrera txukuna izan dute; jendeak esan dit asko gustatu zaiola. Guretako egin dugun lan bat da eta gustura gelditu gara.
Ba al dituzue kontzertu gehiago?
Oraingoz, ez daukagu besterik. Nahiko genuke Hernanin zerbait egin, hangoak direlako taldekideetako hiru, baina poliki-poliki joango gara. Ditugunak, behintzat, gogoz hartuko ditugu.