Atzo benjamin eta alebin mailako pilota partidekin eman zioten hasiera txapelketari, 17:30ean hasi ziren eta goizaldeko 1:00ak arte luzatu zen eguna. "Gaur goizeko 9:00etan eman diogu jarraipena, eta orain artekoa behintzat oso ondo joan da. Bikain doa txapelketa", dio Asier Insausti Olalde Pilota Elkarteko kideak.
Arratsaldean zehar izan dira final laurdenetako, final erdietako eta finaleko partidak. Hain justu, Xabi Biteri, Eneko Sagastume, Asier Intxausti eta Xabier Jauregi iritsi dira final laurdenetara, eta, azkenean, finalean jokatu dute Sagastumek eta Jauregik, azken horrek txapela eskuratu duen arte. Ostean, sari banaketa eta afari-merienda egin dituzte.
Txapelketa jendetsua
9 eta 48 urte bitarteko 92 parte hartzaile izan ditu aurtengo txapelketak, eta emaitzarekin "oso gustura" daudela aitortu du Insaustik: "Askok eman dute izena aurtengo txapelketan, parte-hartzaile kopuruarekin oso gustura gaude, eta beraiek ere hala aritu dira; bai gazteenak eta baita helduenak ere gustura aritu dira pilota partidak jokatzen".