Pilotaren festa herrikoia egingo dute asteburuan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mai. 3a, 08:02

Atzeko Herri Txapelketako partida bat, iaz. Irudia: Imanol Soriano.

Atzeko Herri Txapelketa jokatuko dute gaur eta bihar pilotalekuan, eta 9 eta 48 urte arteko 92 parte-hartzailek hartuko dute parte. Aurten, gainera, herritik kanpo bizi diren antzuolarren seme-alabek eta aihertarrek parte hartzeko aukera izango dute.

Olalde pilota elkarteak hirugarren aldiz antolatu du Atzeko Herri Txapelketa, Antzuolako udal pilotalekuan. Guztira, 92 parte-hartzaile arituko dira pilotan, iaz baino hemeretzi gehiago, eta gaur, hilak 3, hasiko dira partidak. Hain justu, benjamin mailakoek jokatuko dituzte lehendabiziko partidak, 17:30etik 18:30era, eta alebin mailakoen txanda izango da ondoren, 18:30etik 21:15era. Alebinetatik hiruk, gainera, final hamaseigarrenetara sailkatzeko aukera izango dute, helduekin jokatzeko: 21:15etik 01:00etara jokatuko dira partida horiek, baina jarraipena izango du bihar, 09:00etatik aurrera. 13:30ean final zortzirenak jokatuko dituzte, 17:00etan final laurdenak, 17:45ean final erdiak eta 19:00etan, azkenik, finala.

9 urte ditu parte-hartzaile gazteenak eta 48, berriz, helduenak: hamar partaidetatik hiru 9 eta 12 urte artekoak dira gutxi gorabehera, eta gainontzeko guztiak, beraz, 12 urtetik gorakoak. 137 partida jokatuko dituzte guztira: pilotari bakoitzak gutxienez bi partida, hamar tantora iritsi arte.

Berritasunak

Orain arte, herritarrek hartu ahal izan dute parte txapelketa herrikoi honetan, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, edizio honek badu berritasun bat: Antzuolatik kanpo bizi diren antzuolarren seme-alabek ez ezik, aihertarrek ere parte hartzeko aukera izango dute; hain justu, Antzuolan bizi ez diren bost lagun egongo dira txapelketako parte hartzaileen artean. Herri batekoa edo bestekoa izan, ordea, denentzako afaria egongo da partidak amaitu ondoren, afari-merienda egingo baitute Olalde elkartean.

Hala, antolatzaileek euren poza adierazi nahi izan dute: "Aurten ere asteburu guztian zehar frontoiaren inguruan pilotaren festa herrikoia ospatuko dugulako, pilota indartuz eta herria eginez". Horretarako, ordea, herritarrak pilotalekura gerturatzea ere funtsezkotzat jotzen dute: "Antzuolar guztiei gonbita egiten diegu bi egun hauetan frontoira hurbil daitezen".

San Isidro Txapelketa

Martxoaren 17an hasi zen San Isidro txapelketaren hirugarren aldia, eta Euskal Herriko 54 pilotarik dihardute pilotan orduz geroztik. Pasa den domekan, hilaren 28an, amaitu zituzten final laurdenak, eta maiatzaren 12an ekingo diete finalerdiei, astebete geroago, hilaren 18an, izango baita finala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak